Jakiunderen egoitza Bergarako Olaso dorrean egongo da

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 7a

Bergarako Olaso dorrea izango da Jakiunde akademiaren egoitza nagusia, eta hori "gauza ederra izango da Bergararendako; Euskal Herri osorako akademia bat, Jakiunde, han egoteak Bergara berriz kulturaren mapan ipiniko du". Jakiundeko kide baten eta bergarar baten hitzak dira horiek, Jesus Ugalde fisikari eta kimikariarenak, hain zuzen ere.

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademia, Olaso Dorrea Sorrerakundea eta Kutxa Fundazioa ados ipini dira Jakiunderen egoitza nagusia, behin betiko, Olaso etxea izan dadin. Bergarak Euskal Herriko kulturan eta, batez ere, kultura akademikoan duen historian pauso handia izango da hori.

Bi ganbara Jakiunderendako
Olaso dorretxeak bi ganbara ditu, eta biak izango dira Jakiunderen egoitza. Han izango dira bulego batzuk eta baliabide batzuk –liburutegi txikia eta abar– baina Jakiunderen premia nagusia batzarretarako leku egokia topatzea zen, eta batez ere horri erantzuten dio Olasok. Jesus Ugaldek honela azaltzen du: "Bilera gela behar modukoa izango da, kontuan izanda 80 bat jakitun izango dituela hemendik urte batzuetara, eta denondako leku aproposa behar dela".

Gaur egun ere, horien erdiak pasatxo izanda (44 jakintsu dira), arazo franko zituzten: "Urtean bi batzar orokor egiten ditugu, eta orain arte, Iruñean, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Hendaian… egin izan ditugu. Leku finko baten beharra zegoen, jakitunak ere jakinean egon zitezen urtean bitan hara joan behar zirela. Bestetik, egoitza finkoa izanda, idazkari teknikoarendako ere gauzak errazagoak dira: orain arte, infraestruktura guztia batzar bakoitzerako muntatu behar zen, eta lan handia zegoen hor ere. Orain gauzak errazagoak izango dira".

Izan ere, jakintsuak leku askotatik datoz: "Batzuk Madrilen, Bartzelonan, Parisen… bizi dira; Ameriketako Estatu Batuetan ere badugu jakintsu bat, William Douglass. Horiek guztiak batzeko, non egon bilatu behar zen; gero, 44 lagunendako batzar areto egoki bat… Orain arte, erakundeen laguntzarekin, topatu izan dugu lekua, baina hala ere ez zen batere erraza", gaineratzen du Jesus Ugaldek.

Bergarako egoitzan, hortaz, ekitaldi garrantzitsuenak osoko bilkurak izango dira. Batzordeak, bilera txikiak eta bestelako ekintzak ere hantxe egingo dituzte. Esate baterako, hilean behin Jakiundeko mahai iraunkorra batuko da, eta Olason izango da bilera hori.

"Segituan erabaki genuen"
Jakiunderi Olaso Dorrea fundazioaren eta Kutxaren aldetik etorri zitzaion proposamena. Egoitzarako beste aukera batzuk ere ikertu zituen, baina "segituan" erabaki zuen Jakiundek Bergararen alde: "Ikusirik Bergarak ze posizio izan duen Euskal Herriko kultura akademikoan –Adiskideen Elkartea han izanda, Errege Seminarioaren historia…–, beste herri batzuk baino berezituagoa da", esaten du Jesus Ugaldek.

Jakiunderen hiru jakintsu bergararrak –Ugalde bera, Mari Carmen Gallastegi eta Jabier Retegi– pozik daude: "Bergarakoak hiru gara eta, zoritxarrez, Bergaran ez gara inor bizi. Guk gogoa bageneukan, herri mina ere bai, gure bultzada txikia egin genuen eta gu pozik gaude, baina ez dut uste horregatik izan denik erabakia; izan ere, oso tratu komenigarria da Jakiunderentzat", esaten du Jesus Ugaldek.

Kontzertua eta bi topaketa
Olaso Dorreak erreforma lan handia du, eta horretan badabiltza dagoeneko hilabetean Bergarako Jesus Laskurain arkitektoaren bulegokoak.

Jakiundek, hala ere, ez du luze itxoingo Bergaran lan egiten hasteko: hala, azaroaren 16tik 18ra Bergaran izango dira jakintsuak, eta urtean egiten dituzten osoko bilkuretatik bigarrena, udazkenekoa, Bergaran egingo dute hilaren 18an, egubakoitza, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 20:00etan. Jakintsu gehienak hantxe izango dira.

Batzar egunaren aurretik, honako beste ekintzak egingo dituzte: 16an, eguaztena, Jesus Ugalde eta Mari Carmen Gallastegi Ipintza institutuko ikasleekin batuko dira, 12:00etan, Topaketak programaren barruan, eta abenduaren 13an Miguel Altunako ikasleekin beste topaketa bat izango da. Topaketak programa Jakiundek bultzatutakoa da, eta helburua da akademikoen eta irakaskuntza ertaineko azken urteetako eta unibertsitateko lehen urteetako ikasleen arteko elkarrizketa irekiak antolatzea. Hala, ikasleek edozein gairi buruz berba egin dezakete akademikoekin, eta haiek euren esperientzien berri emango diete ikasleei.

Horrez gain, herritar guztiei zabalik egongo den hitzaldia ere antolatu dute hilaren 16rako, Bergarako Udalarekin elkarlanean. Jesus Mari Ugalde fisikari eta kimikariak eta Amaia Zurututza Grapheneako zuzendariak egingo dute, Kimikaren Nazioarteko Urtearen testuinguruan. Hitzaldi hori osoko bilkuren aretoan izango da, 19:30ean.

Hilaren 17an, hausnarketarako foroa egingo dute Irizar jauregian. Hor, proiektuak aztertu eta lehentasunak zehaztuko dituzte jakintsuek, eta hurrengo eguneko osoko bilkuran eztabaidatu eta, hala badagokio, erabakiak hartuko dituzte. Batzar nagusiaren bezperako programa bukatzeko, Alacant-etik etorritako Benantzi Bilbao organo-jotzailearen kontzertua izango da, Santa Marina parrokian, 20:00etan.

Hiru eguneko programa horrek aurreratu egiten du datozen urteetako dinamika: "Jakiunde Bergaran egoteagatik, joera naturala hainbat ekitaldi han egitea izango da. Herriak eta akademiak uztartze-puntu batzuk badituzte eta izango dituzte", dio Jesus Ugaldek.

"Askatasuna sustatzeko"
Jakiunde "gogoetan egiteko foroa da, pentsamendu-askatasuna eta sortzeko askatasuna sustatzeko eta defendatzeko", Pedro Miguel Etxenike presidentearen esanetan. Debagoieneko bost jakintsu ditu: esandako hiru bergararrez gain, Itziar Astiazaran eta Jon Markaide.

Kaleraino igogailua eta 150 metro koadritik gorako gela
Jesus Laskurain arkitekto bergararraren esanetan, "segurua da sei hilabete, gutxienez, hartuko dutela obrek". Lan handia du dorreak: "Moztutako haberen bat topatu dugu; eta, bestalde, goiko ganbarako lurrak desnibel handia dauka". Orain arte, habeak indartzen ibili dira. Segidan, goiko eta beheko ganbaren lurra maila berean ipiniko dute. Gero, espazioak aterako dituzte: beheko ganbaran, bost bulego eta komunak; goikoan, batzar gela, 150-200 metro koadrokoa. Kaleraino igogailua ere izango du, eta Jakiundek eta Olaso Dorretxea Sorrerakundeak modu independentean sartu ahal izango dira bakoitzari dagokion espaziora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak