Garai bateko labanagintza eta guraizegintza ez dira oihalgintza bezain jardun ezagunak Bergaran, baina garrantzitsuak izan ziren.
Orokorrean, Deba bailarako eta Bergarako historiako hainbat arlo ikertuta daude, baina beste hainbat ez. Bergara beti mahoiarekin eta San Antonio Algodonerarekin lotu da, baina XVI. eta XVII. mendeetako oihalgintza –lihoarekin lotutakoa–, adibidez, gutxi aztertu da. Baina erabat ahaztuta egon direnak labanagintza eta artazigintza izan dira eta horiek ikertu gura izan ditut. Dokumentazio piloa dago.
Kokatu gaitezen garai hartako Bergaran. Zeintzuk izan ziren jarduera hau Bergaran garatzea posible egin zuten faktoreak?
Bergara Gaztela eta itsasoaren tartean dago kokatuta, oso kokapen berezia du merkataritzarako eta baita industria aldetik ere. Jende asko pasatzen zen bertatik baina herrian bertan ere asko ekoizten zuten. Hor aurkitzen dira labanagintza eta guraizegintza, beste industria bat moduan, baina ezagutzen ez den mailako industria zen.
Jardueraren tamainaren eta garrantziaren ideia bat egiteko, Bergarako eta bailarako zenbat jendek egiten zuen lan honetan, zuzenean nahiz zeharka?
Jo dezagun Bergarak garai hartan 3.000 biztanle inguru zituela; baina kanpoko jende asko pasatzen zen edo bizi zen bertan: poblacion flotante deitzen zaion hori. Ez dut uste astakeria denik esatea biztanleriaren gehiengoaren lana labanagintza edo guraizegintzarekin lotuta zegoela. Ez denena zuzenean, baina bai zeharka; hor zeuden basoan ikatza egiten zutenak, garraioan zebiltzanak, merkatariak –dirua aurreratuz, tailerra aurrera ateratzeko modua izan zedin–… Jende asko zegoen, herri gehiena; nik esango nuke, askogatik, industriarik inportanteena hura zela.
Ez ziren, beraz, artisau gutxi batzuk, bertako kontsumorako zihardutenak. Hori baino askoz ere handiagoa, zabalagoa eta egituratuagoa zen.
Bai eta, batez ere, merkatuari begira ziharduena. Pentsatzen dugu batzuk labanak eta artaziak egiten ikasi zutela, baina oso kanpora begira: Sevillara, Gaztelara, Ameriketara eta baita Frantziara begira ere. Beti esan ohi dugu Europatik datozela aurrerapenak, baina bertan ere egiten ziren instrumentu aurrerakoiak. Zabala zen bere esparrua eta Bergararen bilakaeran oso garrantzitsua izan zen.
Eta inguruko herrietan, zenbaterainoko eragina izan zuen?
Oñatin ere baziren labanagintza eta artazigintza –bigarren hau, batez ere–, baina Bergarakoari oso lotuta zegoen eta gutxiengo bat zen hor zebilena. Baina garrantzia zuena, material aldetik, izan zen Arrasateko altzairua. Hemengo altzairua Europako onenetakoa zen, Milanekoaren parekoa edo hobea eta, beraz, labanagintzarako eta artazigintzarako hemengo altzairua eramaten zuten, eta horrek sekulako potentzia eta kalitatea ematen zion produktuari.
Lehiakorra zen Europan ere.
Europatik ahalegintzen ziren hona labanak, artaziak eta mozketarako bestelako tresnak ekartzen, baina hemengoak askoz ere hobeak ziren. Han marketina hobeto lantzen zuten, baina bertakoa zen onena eta kanpokoek ere hemengo materiala eskatzen zuten. Batez ere Ameriketara eramateko; ez zuen zerikusirik Frantzia eta beste toki batzuetatik ekarritakoarekin; Bergarako materiala zen onena.
Liburuan aipatzen dituzu, besteak beste, Ternuako balea arrantzaleak. Zer zerikusi dute horiek Bergarako labanagintzarekin.
Gaiaren kalitatea erakusten du horrek. Kirtenak egiteko, erabiltzen zituzten arbola klase baten egurra, edo burdina edo balearen bizarrak. Material hori zen garai hartako plastikoa, plastiko naturala eta oso ona. Luxuzko labanak nahi zituztenek, balea bizarrez egindakoak eskatzen zituzten. Altzairua Arrasatetik ekartzen zen moduan kirtenak Ternuakoak ziren. Globalizazioa ikusten da hor ere.
Nola etorri zen jardueraren gainbehera?
Esaten dute XVII. mende bukaeran Arrasateko altzairua agortu egin zela; beraz, Bergaran ezin zituzten lehengo kalitateko tresnak egin. Bestetik, Madrilgo Gobernuak uzten zuen kanpotik kontrabandoko gauzak ekartzen. Horrela egin zuen gainbehera hemengo industriak.