Euskal Herriaren bozgorailu izan gura du Amaiurrek Madrilen

Mirari Altube Arrese 2011ko azaroaren 6a

Atzo, hilak 5, goizean kalejira egiteko asmoa zuten Bergarako Amaiur koalizioko kideek, baina eguraldi narrasaren ondorioz San Martin plazako arkupetan elkartu ziren. Telesforo Monzon izan zuten gogoan ekitaldi guztian "abertzale eta ezkertiarrak elkartzearen garrantziaz" jabetu zelako hura.

Bai Enaitz Alustiza bertsolariak, bai Agurne Barruso alkate ohiak izan zuten gogoan Monzon. Madrilen diputatu izan zela aipatu zuten eta abertzaleak elkartu beharraz zioena aldarrikatu.

Ondoren "Euskal Herriaren alde dena ematen dabiltzanak gogoratu" zituzten eta Amaiur "konponbiderako zubi" izatea gura dutela gaineratu "espetxe eta deserrian daudenengana zubia eraiki Euskal Herrira ekartzeko". Preso dauden bergararrak izan zituzten gogoan eta senideen aurrean agurra dantzatu zuten dantzari bik.

Agurne Barrusok, Lauri Askargorta zinegotziak eta Aralarko Rafa Sanchezek Gernikako Akordioaren eskaerak bete araztera joango direla Madrilera esan zuten "Euskal Herriaren bozgorailu izango da Amaiur kongresu eta senatuan, nazio eskubideak aldarrikatzeko". Ondoren talde argazkia atera zuten elkartutakoek.

Hurrengo hitzorduak

Egubakoitzean, hilak 11, kanpainako ekitaldi nagusia egingo dute Bergaran. Munibe plazan da hitzordua, 20:00etan.

Bestalde, zapatuan, hilak 12, Donostian egingo duten Ekitaldi Nazionalerako autobusak jarriko dituzte eta ohiko lekuetan eman beharko da izena.

Eta hilaren 17an, kontzertua izango da Munibe plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak