Dabid Gartzia garaile aurten ere Antxintxika krosean

Mirari Altube Arrese 2011ko azaroaren 6a

Dabid Gartzia durangarra izan zen nagusi (32:00), iaz legez, Antxintxika lasterketa-Olatz Rementeria memorialean. Emakumeetan, Eibarko Kristina Loeda (38:36) nagusitu zen. Lehenengoz, patinatzaileek ere hartu zuten parte atzo, 55 lagunek, nahiz eta eguraldiak ez lagundu. Enrique Leiva gasteiztarra izan zen onena patinatzaileen artean.

Asteburuko kirol kronikak

Gustuko tokian aldaparik ez, eta, atzo Soraluzetik Bergarara korrikan egiteko izena emandakoetatik gutxik egin zuten huts. Antxintxika taldeko kideak pozik zeuden sekula baino gehiagok eman zutelako izena, guztira 566k: "Halako parte-hartzea duen lasterketa gutxi daude Gipuzkoan.

Emakume kopuruak ere gora egin du, eta aurten 90 inguru dira". Parte hartu zutenak 472 izan ziren gero, eta horien artean nagusi Dabid Gartzia durangarra.

Euria goian behean izan arren bizkor hasi zuten lasterketa korrikalariek eta 2. kilometrorako hiru lagunek alde egin zuten. Lehenengo hirurak ziren hain zuzen, Gartzia eta Oier Ariznabarreta durangarrak eta Igor Esparza donostiarra.

Txandaka ibili ziren tiraka eta Bergarara iristean Gartziak aurrera egin eta metro batzuen aldea atera zien beste biei. "Gustuko dut lasterketa, oso giro polita egoten da bai Osintxun, bai Bergaran", zioen txapeldunak bukaeran. Bigarrena Ariznabarreta izan zen (32:07) eta hirugarrena Esparza (32:19).

Lehenengoz parte hartu zuen Kristina Loeda eibartarra ere bikain ibili zen. Taldetxo batean sartu eta gustura topatu zuen bere burua ezarritako erritmoarekin; hala, beste emakumezkorik ez zuela aurkari ikusita talde horrekin egin zuen lasterketa guztia: "Eroso ibili naiz; topera joan barik, eroso. Eguraldiak ez du lagundu eta hurrengoan hobeto", zioen bukaeran. Haren atzetik sartu zen Estela Biain oñatiarra (40:42) eta hirugarrena Nerea Etxeberria azpeitiarra izan zen (41:04).

Patinatzaileak lehenengoz

Aurtengo berrikuntza patinatzaileen parte-hartzea izan da. 55 lagunek eman zuten izena, horien artean 15 inguru Bergarako Hankalabanka taldekoak. Eguraldi narrasaren ondorioz lehen kilometroak lasai antzean egin zituzten, arriskuak ekiditeko, eta Osintxutik aurrera hartu zuten abiadura gehienek. Hala, helmugan Enrique Leiva gasteiztarra izan zen lehenengoa eta haren atzetik sartu ziren Nico Alonso eta Enrique Martinez.

Gurpildun aulkietan hiru

Eguraldi kaskarrak gurpildun aulkidunen parte-hartzea murriztu zuen eta hiru bakarrik izan ziren. Handbike modalitatean Imanol Martinez bakarrik ibili zen, eta gurpildun aulkietan, iazko txapeldun Jose Antonio Iglesias izan zen lehenengoa eta Mikel Goikoetxea bigarrena.

Sailkapenak

Gizonezkoak

1. Dabid Gartzia. 32:00
2. Oier Ariznabarreta. 32:07
3. Ibon Esparza. 32:19
4. Markel Blanco. 33:10
5. Ion Arzubialde. 33:11
6. Antonio Merino. 33:15
7. Jokin Redondo. 33:26
8. Javier Galindo. 33:47
9. Eduardo de Miguel. 34:14
10. Andoni Agirre. 34:21
11. Martin Berrizbeitia. 34:29
12. Xabier Elkoro. 34:36
13. Jose Antonio Ruiz. 34:43
14. Ibon Iriondo. 34:43
15. Arkaitz R. de Loizaga. 34:58

Emakumezkoak

1. Kristina Loeda. 38:36
2. Estela Biain. 40:42
3. Nerea Etxeberria. 41:04
4. Itziar Aldekoa. 42:45
5. Ane Ziaran. 42:53
6. Idoia Aranguren. 44:33
7. Irati Sarriugarte. 44:38
8. Ana Isabel Urmeneta. 45:37
9. Nuria Molina. 45:41
10. Rosa Agirre. 46:16
11. Agurtzane Arriola. 46:24
12. Esther Paguey. 46:39
13. Eider Mugika. 46:53
14. Leire Guenetxea. 47:01
15. Lourdes San Martin. 47:11

Patinatzaileak

1. Enrique Leiva. 23:01
2. Nicolas Alonso. 23:03
3. Enrique Martinez. 23:22
4. Sergio Uriarte. 24:12
5. Javier Jimenez. 24:52

Aulkian (Handbike)

1.  Imanol Martinez. 28:00

Gurpildun aulkian

1. Jose Antonio Iglesias. 38:50
2. Mikel Goikoetxea. 49:25

Mutilen koadrilak

1. Los Mateos. 1:46:18
2. Angiozar. 2:05:32
3. LRT. 2:07:42

Nesken koadrilak

1. Lasterkariak. 2:16:16
2. Anka Naparrak. 2:33:08

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak