Mexiko, Argentina eta Paraguaiko Euskal Etxeetako ordezkariak izan zituen lagun Elkoroberezibarrek Domingo de Iralaren gaineko liburuaren aurkezpenean

Miren Arregi Amasorrain 2011ko azaroaren 5a

Donostiako Kursaalen aurkeztu zuten atzo Domingo de Irala y su entorno en la villa de Bergara liburua, Kanpoko Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarraren testuinguruan. Miguel Angel Elkoroberezibar bergararra da liburuaren idazlea eta 2006an Paraguaiko Historia Akademiaren enkarguz argitaratu zuen liburuaren egokitzapena da honakoa. Hain zuzen ere, Paraguaiko Euskal Etxeetako ordezkaritza zabala egon zen aurkezpenean; baita Argentinako eta Mexikoko ordezkaritza ere. Oraingoz Ameriketan dago salgai liburua, eta ari dira aztertzen Euskal Herrian ere merkaturatzea. Hala ere, egilearekin maelkoro@yahoo.es helbide elektronikoan harremanetan ipinita eskuratu ahalko da liburua.

Paraguaiko Asunciongo Euskal Etxeak aurten editatu du liburua, eta 2006an Paraguaiko Historia Akademiaren enkarguz argitaratu zen liburuaren egokitzapen bat da atzo aurkeztu zutena. Honako honetan, Bergara, Domingo de Iralaren jaioterria XVi. mendearen hasierako urteetan nolakoa zen azaltzen du Elkoroberezibarrek; eta  Iralaren beraren familiaren gaineko kontuak ere deskribatzen ditu. Hain zuzen ere, Iralak Ameriketara egin aurreko urteak dira liburuaren oinarria. 

Esan bezala, Kursaleen astean egin duten Kanpoko Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarraren baitan egin zuten liburuaren aurkezpena, eta Miguel Angel Elkoroberezibarrek, Paraguaiko Asuncion hiriko Euskal Etxeko lehendakari Galo Egüez izan zuen lagun. Gainera, Mexikoko eta Argentinako euskal etxetako ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean. "Interes berezia azaldu zuten Bergararekiko eta liburuarekiko euskal etxetako ordezkariok" dio Elkoroberezibarrek: "Oso gustura egon ginen, hango eta hemengo kontuak elkartrukatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak