Bizitza osoa darama pintatzen Luis Laskurainek: "9 urtekin egin nuen nire lehen koadroa. 1960a izango zen; oraindik gordeta daukat margolan hori". Urte hauetan guztietan ez dio pintatzeari utzi, eta orain, azken 10 urteotako lana erakusgai ipini du Aroztegin, Bergaran egin zuen azken bakarkako erakusketatik 26 urte pasatu diren honetan.
Hiri paisaiak
22 lan ipini ditu erakusgai, denak oleoan eginak eta tamaina desberdinetakoak. Hiru multzotan sailkatzen du Laskurainek bere obra: "Batetik Hiriko paisaiak daude, hiriaren nire ikuspegi partikularra. Lurra pintatzen dut nik, estoldetako herdoila, galtzadaren erliebea... Bestetik Konposizioak daude; natura hile klasikoen eboluzio bat, baina guztiaren gainetik konposizioa da bilatzen dudana. Azkenik badira erakusketan nire kapritxoak ere; lau koadrotan loreak marraztu ditut eta orain arte inoiz egin ez dudan bezala, erakusgai ipini".
"Erakusketa didaktikoa"
Laskurainek dio ez diola zehatz jendeari zerbati adierazi gura bere lanekin. Beretzat margotzen duela, baina bai bultzatu gura duela ikuslea hausnartzera, bere koadroetan dagoena sentitzera eta nolabait, "erakusketa didaktikoa" izan zedin gura zuela. Horregatik, Andoni Salamero Alberdik koadro bakoitzari testu bat egin dio; testu horrek ikuslearen gogoetak pizte aldera.
Aroztegi aretoan egongo dira ikusgai Luis Laskurainek azken 10 urteotan egindako hainbat koadro, azaroaren 27ra arte.