Mankomunitateak ekintzaileendako lokalak jarriko ditu Bergarako azokan

Edu Mendibil 2011ko azaroaren 4a

Bergarako Udalak eta Debagoieneko Mankomunitateak sinatutako hitzarmenari esker, zerbitzutarako lau lokal zuzenduko dituzte Oxirondo azokan.

Mankomunitateko Garapen Agentziak ekintzaileendako 16 lokal ditu Arrasaten eta Bergaran beste lau izango dira aurrerantzean. Betiere, jarduera berriak jasoko dituzte lokalek, baldintzen arabera jardueraren gehienezko antzinatasuna 6 hilabete delako.

Edozein jarduera abian jartzean, kokapena izaten da arazo nagusietako bat eta horrii irtenbidea ematea da helburua. Era berean, lokalak oso baldintza interesgarritan alokatzeko aukera dagoela azpimarratu dute Mankomunitateko iturriek. Gehienez, 3 urterako uzten dituzte lokalak; lehen urtean metro karratu bakoitzeko euro bat kobratzen dute eta beste bi urteetan garestitzen doa prezioa, merkatuko baldintzetara iritsi arte.

Mankomunitateko Garapen Agentziako Koldo Azkoitiak zera diosku: "Ekintzaileei laguntzea da gure asmoa eta horretarako ahalik eta erraztasun gehien eman nahi diegu". 1995 urtearen inguruan hasi zen Mankomunitatea zerbitzu hau eskaintzen. Esan bezala, Arrasaten 16 lokal dituzte gaur, tamaina ezberdinekoak, zerbitzutara zein industria jarduerara zuzendutakoak. Azken urteotan enpresa mordoa igaro da Mankomunitatearen lokaletatik.

Azokari bizitasuna

Ekintzaileei zuzendutako lokalak Oxirondoko azokan daude, bigarren solairuan. Gaur egun Pol-Pol mendizale elkarteak lokalak dauka han. Bide batez, azokari bizitasun handiagoa ematea da Udalaren asmoa, lokal mordoa hutsik daudelako. Orain dela 17 urte zabaldu zuten Oxirondoko azoka, 1994ko irailean.

Azokako lokalak ibarreko edozeinek eskuratu ahal izango ditu. Dagokion jardueraren bideragarritasun plana aztertu ondoren,Garapen Agentziako batzordeak egingo du ebaluazioa.

Argibide gehiago nahi izanez gero, Udaleko Enplegu Zerbitzura (943 77 91 24) edo Debagoieneko Mankomunitatera (943 79 33 99) jo daiteke. Enpresa Ekintzetarako zentroa Arrasaten dago, Nafarroa etorbideko 19. zenbakian. E-maila hauxe da: garapen-agentzia@debagoiena.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak