'Udazkena oinetan' ikuskizuna estreinatuko dute Bergaran: musika, dantza, poesia eta irudia

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 3a

Udazkena oinetan ikuskizuna estreinatuko dute Bergaran azaroaren 12an. Berria eta berritzailea da. Izan ere, orain arte elkarrekin jardun bako herriko bi talde murgildu dira proiektuan. Dantza, poesia eta irudiak, uztartzen ditu, gainera. Osintxuko Musiraka dantza taldea, Uxue Agirreren poesia errezitaldia eta Arizondo Argazkizale Elkarteko irudiak, udazkeneko argazkiak. 22:30erako iragarri dute emanaldia Udal Pilotalekuan.

Uxue Agirrek hala dio ikuskizunaren aurkezpen berbetan: “Erantzi zapatak eta itxi begiak, erdu, eman eskua. Ihintzak umeldutako belardiak, orbelezko tapiz okreak; itsasoak bustitako ur bazterrak dantzatuko ditugu, oinutsik. Berriz ekarriko dugu udazkena oinetan”.

Musika, dantza, hitza eta irudia

Egitaraua honako hau da:

  • Udazken koloretan, Benito Lertxundi.
  • Poesia saioa: uxue Agirre.
  • Gure bazterrak, Mikel Laboa.
  • Orekaren sokan.
  • Haizearekin Elgetan.
  • Ufadan.
  • Negua ate joka.
  • Firinfaran.
  • Tantanak tantan.
  • Bat eta bat bi.
  • Horitu, ihartu… airera.

Udazkeneko irudiak

Ikuskizunean, Arizondo Argazkizale Elkarteko argazkilariek ateratako irudiak proiektatuko dituzte. Udazkeneko irudiak, beti ere: paisaiak, naturaren argazkiak.

Honako hauenak, hain zuzen ere: Agustin Gurrutxaga, Imanol Mondragon, Pedro Mari Arregi, Juan Jose Lopez Azurmendi, Joseba Leturia eta Benito Cantero.

Dantzak oinetan

Osintxuko Musiraka taldea 12 eta 51 urte bitarteko 12 kidek osatzen dute. 2005ean sortutako dantza taldea, sorreran, handiagoa zen, denak Osintxuko ume eta gurasoak. Nagusiki, dantza tradizionalak egiten zituzten. Denborarekin, ordea, taldea eraldatzen joan da, bai dantzarien eta baita dantza estiloen aldetik ere.

Taldearen izena sortzeko auzoko hiru bailaren izenen lehenengo letrak lotu zituzten: Muskitxu, Iraban eta Kaparra, hain justu ere.

Musirakak dantza saioak eskaini ditu ondorengo ekitaldietan, beste batzuen artean: 2007ko Kilometroetan, Korrika egunean, Goienaren 10. Urteurreneko ekitaldian, iaz; Gau Magikoak Munibe plazan performancean, Monzonen omenaldian, Urepelen Xalbador bertsolariaren omenez egindako emanaldian…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak