Bergara eta Antzuolako izar gazte baina handiak prest daude orain arte horrenbeste entseatu dituzten kantuak taula gainean eskaintzeko. Bergarako Zabalotegi aretoan izango dira ikuskizunak zapatuan eta domekan eta arratsaldeko 16:00etatik aurrera bertaratu ahal izango dira parte hartu behar duten gaztetxoen gurasoak, anai-arrebak, aiton-amonak, lagunak...
Gogoratu, Kantari ez da lehiaketa bat, ondo pasatzeko saio bat baizik. Beraz, oraingoan ere ez hutsik egin eta zatoz gurekin Kantari; Bergaran itxarongo zaitugu.
Emisioak telebistan
Goiena telebistan, aste honetan Oñatiko ikuskizunak eskaintzen ari gara. Bada, Oñatiko saioekin bukatutakoan, Bergarako saioak eskaintzen hasiko gara. Kantariren emisioak hauek izaten dira: astelehenetik egubakoitzera arratsaldeko 19:15ean eta errepikapenak hurrengo eguneko eguerdian, eta zapatuan eta domekan aste guztian zehar eskainitako saio guztiak emititzen ditugu.
Horrez gain, Kantari atarian ere, saio guztiak sarean ipintzen hasi gara.