Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniako 24 herrialdetako 178 euskal etxetako ordezkariak bildu dira, Kursaal Jauregian, Kanpoko Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarrean. Atzo inauguratu zuen Lopez lehendakariak eta egubakoitzera arte luzatuko da. Lau urtetik behin antolatzen da.
Biltzar honek atzerriko euskal herritarren egoera aztertzeko eta sakontzeko balio du, haien eskaerak eta premiak aztertzeko. Biltzarra egiten den bitartean, eskola-umeendako berbaldiak, ikus-entzunezkoak eta literatura aurkezpenak eta gizataldeetako azoka bat ere egingo dira.
Edizio berriztua
Elkoroberezibarrek bihar, egubakoitza, aurkeztuko du liburua, 19:00etan Kursaal jauregian bertan. Paraguaiko Asunciongo Euskal Etxeak aurten editatu du liburua. 2006an, Paraguaiko Historia Akademiaren enkarguz, argitaratu zuen liburuaren egokitzapen bat da bihar aurkeztuko duena, oraingoan, berrikusia, gaurkotua eta handiagotua.
Liburuan, Iralaren sorleku izan zen Bergara XVI. mendearen hasierako urteetan zelakoa zen azaltzen du egileak. Testuinguru ekonomikoa eta soziala aztertuz eta Irala eta beronen familia deskribatuz. Hain justu ere, 1505-1509 urteetatik Ameriketara joatea erabaki zuen 1935era arteko gorabeherak kontatzen ditu liburuan. Iralaren gainean gutxien ezagutzen diren urteak dira horiek.
Vergara Kapitaina
Ondasun guztiak saldu ostean, ordura arte inoiz ezagutu bako gudarostean murgildu eta abiatu zen Rio de la Platarantz, Pedro de Mendozaren aginduetara. Irala, lurralde haietako gobernadore eta Paraguaiko sortzaile izan zen, besteak beste. 20 urte eman zituen agintean. 1956an hil zen Asuncionen, Vergara Kapitaina bezala ezaguna egin zena.
Miguel Angel Elkoroberezibarren liburuak 232 orrialde ditu. Eta lehen edizioarekiko berritasunak badakar oraingo honek. Esaterako, Iralarren armarriaren ikerketa, inoiz argitara eman bareko armarriaren ilustrazioak, haren familiartekoen gaineko datu berriak e.a.
Bestalde, Iralaren inguruan, XX. mende hasieratik gaurdaino Atlantikoaren bi aldeetan izandako gertakarien berri ere ematen du autoreak.
Liburuak 9 kapitulu ditu eta atarikoan bi artikulu irakir daitezke: bata, Galo Egüez Asunciongo Euskal Etxeko presidenteak idatzia. Bestea, Roberto Quevedo historiagile paraguaiarrarena. Amaieran, Iralaren arbola geneaologikoaren laburpen bat jaso du egileak.
Haren omenezko herriak
Miguel Angel Elkoroberezibarrek dioenez, Interneteko bilatzaileetan sarrera gehien dituen bergararra da Domingo Irala. Hainbat eleberriren, dokumentalen eta filmaren protagonista izan da, eta abesti eta poesien inspirazio iturri ere bai.
Hainbat herrialdetan daude haren izena daroatzaten kale, plaza edo etorbideak. Eta Paraguain badago Domingo Martinez de Irala izeneko herri bat ere. Halere, dio egileak, "Bergaran eta Gipuzkoan ezezaguna da gaur egun, oraindik ere".