Ander Errasti: "Enpresei erabakiak hartzen laguntzea da liburuaren helburua"

Edu Mendibil 2011ko azaroaren 2a

Ander Errasti Tecnun Unibertsitateko irakasle bergararrak 'International Manufacturing Networks: Global Operations design and management' izenburuko liburua aurkeztu berri du. Aurreko eguaztenean, Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza sailak eta SPRIk gaiaren gainean BECen egindako jardunaldien barruan, liburua aurkeztu zuten. Irizar eta Ulma enpresetako ordezkariekin batera hitzaldia egin zuen Errastik Barakaldon.

Logistika eta Operazioen irakaslea da Errasti Donostiako Tecnun-eko Fakultatean. Liburuaren gainean zera diosku: "Munduko ekonomiaren gaurko egoeran ezinbestean gogoeta egin behar dugu erronka berriei arrakastaz aurre egiteko estrategia egokienak aukeratzeko. Liburuaren helburua zera da: enpresei erabakiak hartzen laguntzea, baita beraien eragiketak kanpoan definitzen eta diseinatzen laguntzea ere". Besteak beste, ingurune globaletan jardutean enpresek dituzten arazo eta erronka berriak aztertzen ditu egileak.

Kolaboratzaile bergararrak
Hainbat kolaborazio izan ditu Ander Errastik liburuan, tartean Jose Alberto Eguren eta Kepa Mendibil bergararrenak. Egurenen kasuan, industria ingeniaria da eta hainbat enpresatan jardun du. Gaur egun Mondragon Unibertsitatean dabil lanean, industria antolakuntza sailean. Kepa Mendibil, berriz, Eskozian bizi da aspaldi eta Glasgowko Strathclyde Unibertsitateko irakaslea da. Hainbat ikerketa lan eman ditu argitara dagoeneko. Mendibil eta Egurenekin batera, Migel Mari Egaña irakasle oñatiarra ere badago kolaboratzaileen artean eta nazioarteko hainbat adituren iritziak ere jasotzen dira liburuan.

Kontsulta gida
Nazioartekotze-prozesua askotan landu da negozioaren ikuspegitik, baina oso gutxitan haren euskarri izan behar duen sistema produktiboaren eta logistikoaren ikuspegitik. Hain zuzen ere, eragiketa produktibo eta logistikoaren estrategian sakondu du Ander Errastik. Enpresako estrategia aztertu, ebaluatu, definitu eta hedatu behar duten zuzendarientzako kontsulta-gida izatea du helburu haren lanak. Bernabe Unda Industria sailburuaren hitzetan, " liburu osoa Globope ereduan laburbiltzen da, eta oso erabilgarria izango da nazioartekotze-prozesuetan murgilduta dauden euskal enpresentzat". Globope ereduak unitate produktiboen atzerriko ezarpena aurre egiteko moduari egiten dio erreferentzia.

Eusko Jaurlaritzak editatu du Ander Errastiren lana eta banaketaz ere Jaurlaritzako Industria saila arduratuko da. Hasiera baten, 500 aleko tirada izan du Ander Errastiren lanak eta han eta hemen banatzen dihardute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak