Oholak airean, musika ona eta parranda hobea Lainoren bigarren urteurrenean

Arritxu Barruso 2011ko azaroaren 1a

Barruko skate parke bat baino gehiago izateko bokazioarekin jaio zen Laino. Oraindik obrak amaitzen ari zirenean honakoa esan zigun Hodei Elexpuruk: "Bergarako bizitza kulturalean gune bat gehiago izan nahi dugu". Argi dago lortu dutela helburua eta oso ondo jakin dute skatea eta proposamen kultural interesgarriak uztartzen. Proiektua gustatu da, herrian eta inguruan, eta horren adierazle zapatuan batu zen jendetza. Hitzordua garrantzitsua zen: bigarren urteurrena.

Eguerditik hasi zuten festa. 40 lagun inguru elkartu ziren parrilladan. Ospakizunak, nola ez, patinete gainean jarraitu zuen: skate txapelketa egin zuten arratsaldean. Ikusle dezente batu ziren parkearen bueltan eta parte-hartzaileek sekulako ikuskizuna eskaini zuten.

Eta zer da ospakizun bat gaueko parranda on bat barik? Bada, parranda kontzertu indartsu batekin hasi zen. The Soulbreaker Company, Sumision City Blues eta Fiachras taldeak igo ziren taula gainera. Eguna borobila izan zen, eta argi geratu zen Laino proiektu sendo bat dela dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak