GOIENAk jakin du gainera, Martin Garitanoren gobernuarendako lehentasunezko gaia dela Bergarako Errege Seminarioaren eta Arrizuriagaren arteko permuta eta hori gauzatzeko lanetan dabiltzala.
Dena dela, Bergarako alkate Jesus Elortzak adierazi du permuta inoiz baino gertuago dagoen arren, hura finantzatzeko bideak lortu behar direla aurrena. Horregatik trukea sinatzeaz gain permuta gauzatzeko finantzazio plan bat zehaztu nahi dutela adierazi digu: "Permuta sinatzea garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da gauzatu ahal izateko finantzazio bideak eta epeak zehaztea eta hori da orain gure lehentasuna".
Hain justu ere permutaren garrantzia atera zuten azalera egubakoitzean egindako ikasturte irekierako ekitaldian Iñaki Espartza UNEDeko zuzendariak eta Jesus Elortza Bergarako alkateak. Azken honek azaldu zuen "permuta lehenbailehen sinatzeko zain" daudela. Martin Garitano Diputatu Nagusia ere izan zen Bergarako osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldian, baina ez zuen gai horren gaineko erreferentziarik egin.