Osoko bilkura egubakoitzean izango den arren, hiru eguneko egonaldia egingo dute Bergaran Jakiundeko kideek; hilaren 16tik 18ra, eguaztenetik egubakoitzera, hain justu ere, eta osoko bilkurarekin batera beste hainbat ekintza ere egingo dituzte. Horietako batzuk herritarrekin partekatuko dituzten ekitaldiak dira, gainera: hitzaldi bi eta ikasleekin topaketa.
Ekitaldi irekiak
Hilaren 16an Jakiundeko bi akademiko bergarar, Mari Carmen Gallastegi ekonomilaria eta Jesus Mari Ugalde fisikari-kimikoa Ipintza institutuko ikasleekin batuko dira, 12:00etan, institutuan bertan, Topaketak ekimenaren barruan.
Egitasmo hori Jakiundek bultzatutakoa da eta helburua da akademikoen eta irakaskuntza ertaineko azken urteetako ikasleen zein unibertsitateko lehen urteetakoen arteko elkarrizketa irekiak ematea. Hala, ikasleek edozein gairi buruz berba egin ahal izango dute akademikoekin eta haiek euren esperientzien berri emango diete ikasleei, euren bizipenetatik, ibilbide profesionaletatik eta irakasgaietatik abiatuta.
Horrekin batera, herritar guztiei zabalik egongo den hitzaldia ere antolatu dute hilaren 16rako, Bergarako Udalarekin elkarlanean. Jesus Mari Ugalde fisikari-kimikoak eta Amaia Zurututza Grapheneako zuzendariak egingo dute, Kimikaren Nazioarteko Urtearen testuinguruan Hitzaldi hori osoko bilkuren aretoan izango da, 19:30ean.
Hilaren 17an, hausnarketarako foroa egingo dute Jakiundeko ia kide guztiek Irizar jauregian. Hor, akademiak dituen proiektuak aztertuko dituzte eta lehentasunak zehaztu.
Foroa bukatu eta gero, organo kontzertua eta hitzaldi irekia egongo ditu 20:00etan, Santa Marina parrokian Benantzi Bilbao musikari eta organistak.
44 jakintsu
Bernadro Atxaga idazleak, Montxo Armendariz zinema zuzendariak, Maria Bayo sopranoak, Pedro Miguel Etxenike fisikariak –akademiako lehendakaira da–, Esther Ferrer artista plastikoak eta Rafael Moneo arkitektoak osatzen dute, besteak beste, akademia. Debagoieneko bost jakintsu daude: Itziar Astiasaran farmazialaria, Mari Carmen Gallastegi ekonomialaria, Jon Markaide astronomoa, Jabier Retegi ingeniari teknikoa eta Jesus Mari Ugalde fisikari-kimikaria.