Udal zergek %3ko igoera izatea onartu dute Bilduk eta Aralarrek

Edu Mendibil 2011ko urriaren 28a

Ordenantza fiskalen aldaketa onartu zuen udal gobernuak eguazteneko osoko bilkuran. EAJko eta PSE-EEko zinegotziek kontrako botoa eman zuten. Luze joan zen osoko bilkura: bi ordubete pasa iraun zuen.

2011ko urteko KPIri dagokionez, urte amaieran %3 inguruan egotea aurreikusten du gobernuak eta zerga gehienek igora hori izatea proposatu zuten. EAJ kontra azaldu zen krisi egoera honetan herritarrek are eta gehiago sufrituko dutelako aipatutako igoerarekin. Oinarrizko hainbat zerbitzutan igoera gehiegizkoa dela gaineratu zuten: estolderiak, adibidez, %27ko igoera izango du eta urak %3koa. Lauri Askargorta Bilduko ordezkariak zera esan zuen, estolderia zerbitzuaren defizitari aurre egiteko igoera ezinbestekoa dela baina horrek 2 euroko igoera baino ez duela ekarriko sei hilabeteko erreziboan.

Bestalde, Mankomunitatean honako hauek izango dira Udaleko ordezkariak: Kontu, Ogasun eta Langile gaietarako batzordean, Lauri Askargorta; Ingurumen batzordean, Leire Iruin; eta Garapen ekonomikoa eta Turismo batzordean, Juanje Amasorrain. EAJ abstenitu egin zen.

Aspaceren lokal eskaera ere izan zuten aztergai. Aho batez onartu zuten Oxirondo azokan Super BMk zeukan lokalaren zati bat uztea. Dena dela, aipatutako lokala erabiltzen dutenekin hitzarmena egitea komeni dela aipatu zuten.

PSE-EEk hondakinen gaiarekin, Diputazioak lehen onartutako plana martxan jartzeko mozioa eraman zuen, mozioa alternatiboa onartu zuen gobernuak. Europako araudira egokitzeko Aintzane Oiarbidek zabortegiak kentzea beharrezkoa dela gogoratu zion gobernuari eta erraustegiaren alde azaldu zen. Flandeseko adibidea jarri zuen: han omen daukate birziklapen tasarik altuena, baina errauskailuak ere erabiltzen dituzte. Gobernuaren mozioak hondakinen plana geratzea eskatzen du.

Arrizuriagako mozioa
EAJk Arrizuriagaren gaineko mozioa aurkeztu zuen urriaren 20an, baina ez zuten gai-zerrendan sartu. Oiarbidek ea mozioa aztertzerik zegoen galdetu zuen; Bildu eta Aralar aurka azaldu zirenez, hurrengo baterako geratu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak