Erretiratuen kultur hamanbostaldiaren amaiera asteburuan

Edu Mendibil 2011ko urriaren 28a

Bihar, zapatua, bazkari batekin amaiera emango diote erretiratuen kultur hamabostaldiari. 55 lagun inguru batuko dira Zabala jatetxean. 14:00etan autobusa aterako da Agorrosinetik eta itzulerakoa 19:00etan izango da. Bazkalostean dantzaldia eta oparien zozketa izango dute San Joxepeko lagunek.

Gaur, egubakoitza, belaunaldien arteko xake txapelketa eta herri jolasak izango dira erretiratuen egoitzan, 16:00etan hasita. Arratsaldean, berriz, Zumaiako erretiratuen Beheko Plaza abesbatzak eta San Joxepekoak emanaldia egingo dute Santa Marinan, 19:45ean hasita.

Patxi Azkarateren zuzendaritzapean, bergararrek lau abesti eskainiko dituzte, Mari Karmen Azpeitia organo jolearen laguntzaz. Zumaiarren saioaren ondoren, bi abesbatzek batera jardungo dute eta amaitzeko Agur Jaunak abestuko dute gaur.

Balorazio positiboa

Carlos Arrondo San Joxepeko presidenteak azaldu digunez, aurtengo kultur hamabostaldiaren hasierako balorazioa positiboa da. Jende ugari batu da antolatutako hitzaldietan (atzo arratsaldean egitekoa zen ikusmin handiena sortu duena, Mariano Ferrer kazetariarena) eta, aldi berean, belaunaldi ezberdineko jendea erakartzea lortu dute.

Programazioari dagokionez, aurreko egubakoitzean Oñatiko erretiratuen Ikusi Makusi antzerki taldeak Zabalotegin egindako antzezlana ere nabarmendu du Arrondok. "Oso emanaldi polita egin zuten oñatiarrek. Nahiko lan eskatzen digu hamabostaldiak, baina jendearen erantzuna ikusita, pozik egoteko moduan gaude".

Eguaztenean, urriaren 26an, Hondarribira irteera egin zuten erretiratuek. Hondarribiko alde zaharra eta bestelako txokoak ezagutu ondoren, Batzokian bazkaldu zuten. Aurreko astean, berriz, Gatzagara joan ziren eta orduan ere autobusa bete zuten. Aurtengoa kultur hamabostaldiaren 15. ekitaldia izan da eta giza eskubideak izan da antolatutako ekitaldien ardatza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak