Iaz taldeak maila galdu zuen.
Gogorra izan zen. Denboraldi hasieran bolada txarra izan zuten eta sailkapeneko zuloan sartu ziren. Dinamika txarrean zaudenean oso zaila da gauzak ondo egitea eta gora begiratzea. Denboraldia zaila izan zen, eta maila galdu zuten.
Hori horrela, aurtengo helburua galdutako maila berrekuratzea da?
Ez. Gure helburua da taldearekin lan egitea, oinarriak finkatzea. Jokalari gazteak ditugu, eta esperientzia txikikoak. Faktore horietan egin behar dugu lan. Talde honen benetako maila hurrengo denboraldian ikusiko da.
Orduan, zeintzuk dira denboraldirako erronkak?
Lasai egin gura dugu lan. Jokalari gazteak ditugu, gehienak gazte mailako lehen urtekoak. Talde giroa sortu eta etorkizunean maila ona erakutsiko duen taldearen lehen urratsak egingo ditugu. Egia da igoera faserako sailkatu gura dugula; izan ere, azken txanpa horretan, liga erregularrean gure kontra jokatzen ez duten taldeen kontra lehiatuko gara. Besteak beste, Antiguoko eta Añorga. Gu baino talde indartsuagoak dira, eta haien kontra nola moldatzen garen ikusi gura dugu. Bestalde, harrobiko taldeen helburu nagusiak talde nagusiarendako jokalariak heztea izan behar du, hori lortzeko egingo dugu lan.
Denboraldia oso ondo hasi duzue. Zeintzuk dira taldearen ezaugarri nagusiak?
Atzean sendo jokatzen dugu, zelai erdian jokoa antolatuta, erasoan erraz irteteko. Orain arteko zenbakiek hori erakusten dute: gol bakarra jaso dugu gure atean. Kontra duguna da esperientzia txikiko taldea garela. Baina hori zelaian lortzen da.
Aurreko aste bukaeran derbia jokatu zenuten Aloñaren kontra eta aise irabazi zenuten.
Derbi polita izan zen. Lehen zatia nahiko parekatua eta bigarrenean guk jokatu genuen hobeto. Egia da Aloñak bi jokalari garrantzitsu falta izan zituela. Antzeko taldeak gara, eta, denboraldia luzea den arren, esango nuke nahiko goian ibiliko garela sailkapenean.
Ohorezko erregional taldea utzi zenuen orain dela bi denboraldi eta orain gazte mailako entrenatzailea zara. Zergatik hartu zenuen taldea?
Alebin mailan nirekin entrenatu ziren, eta orduan argi ikusi nuen belaunaldi ona zela. Jokalari bereziak eta onak dira. Orain aukera izan dut jokalari horiekin lan egiteko, futbola bizio hutsa da eta hementxe nago berriro. Bueltan.
Non duzu tentsio handiagoa, ohorezko erregionaleko aulkian ala gazte mailakoan?
Duda barik, ohorezko erregionalean. Maila horretan zale asko daude zuri begira. Aldiz, gazte mailan, nork bere buruari jartzen dion tentsio puntua dago, besterik ez. Hedabideak ez daude guri begira.
Bihar Deban jokatuko duzue.
Gogotsu gaude lehen postuari eusteko, baina beldurtuta ere bai. Denboraldi-aurrean haien kontra jokatu eta galdu egin genuen. Errebantxa hartzeko lehia da, baina gauzak oso ondo egin beharko ditugu, bestela...