Medusaren eta orekariaren artean...

Arritxu Barruso 2011ko urriaren 28a

Manu Muniategiandikoetxea bergararrak egin du Bertsolari filmaren kartela. Argi zuen kartel abstraktua izan behar zuela eta apaingarri askorik bakoa. Azkenerako aukeratu denaz gain, beste hainbat egin ditu. Hemen erakusten dizkizuegu.

Aurpegi, gorputz edo bolumen bakoa da Bertsolari filmeko protagonista, baina indar eta nortasun handikoa: bertsolaritza. Horixe zen Manu Muniategiandikoetxearen erronka oraingoan: "Hasieratik argi izan nuen karteleko irudiak abstraktua izan behar zuela, ideiekin ari ginelako lanean eta ez gauza fisiko batekin. Santos Bregaña diseinatzailearen laguntza izan dut kartela egiteko".

Maialen Lujanbio eta Medusa

Ohikoa den moduan, kartelak bilakaera luzea izan du, baina bi ideia batzen ditu, bakoitzak bere bidea izan duena: "Batetik, orekaria ageri da. Bertsolaria, filmean esaten den moduan, amildegiaren bazterrean ibiltzen da orekari eusten. Bigarren ideia Medusarena da. Erdi gizon, erdi emakume, indartsua... Zalantza barik, Maialen Lujanbio dago irudi horren atzean. Burutik ideiak ateratzen zaizkio".

Hemen, azkenean, kartelerako erabili den irudia:

Muniategiandikoetxeak argi zeukan kartelak arina izan behar zuela, apaingarri askorik gabe: "Kartel gehienak oso barrokoak izaten dira, zarata askorekin, ez genuen halakorik nahi. Papera hustu nahi genuen. Bertsolaritza ere bera bakarrik, apaingarririk gabe mantentzen da".

Muniategiandikoetxea pozik dago emaitzarekin eta baita filma izaten ari den arrakastarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak