Bergarako Nau taldea (Maitane, Garazi, Olatz, Miren eta Markel); Arrasateko Maialen Arratibelek eta Eneritz Urrutiak osatutako bikotea; eta Josu Zubia oñatiarra eta Sara Manzano bergararra (bakarlariak biak) Donostiako Antzoki Zaharrean jokatuko den finalean izango dira. Bi talde, sei bikote eta bederatzi bakarlari lehiatuko dira finalean.
Kantarien harrobia
Esan bezala, atzokoa txapelketako bigarren saioa zen. Lehenbizikoan, Lezon, 16 abesti izan ziren lehian eta Bergarako atzoko saioan 22. Kantari berriek nerbioak gainditu behar izan zituzten kasu gehienetan. Beteta dagoen areto baten aurrean aritzea ez da gauza erraza.
Edozein modutan, partaideen maila azpimarratu dute antolatzaileek. Aurtengoa Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketaren 15. ekitaldia da. Orain, azaroaren 27ko finalera begira, abestiak lantzeko tartea izango dute finalistek.
Euskal kantarien harrobi berria lantzea da txapelketaren helburu nagusietako bat.