Duela 75 urteko samina arintzera datorren omenaldia

Edu Mendibil 2011ko urriaren 23a

Haizea epel eta emozioak bizi-bizi gaur Osintxun, duela 75 urte fusilatu zituzten auzokideei eskainitako omenaldian. Osintxuko Herri Batzarrak 1936ko urriaren 20an fusilatutakoak gogora ekarri ditu.

Hildakoei aspalditik omenaldia zor zietelako eta eguraldia lagun, 200 lagundik gora batu dira gaurko ekitaldian. Besteak beste, Jesus Elortza Bergarako alkatea, handik eta hemendik etorritako hildakoen senideak eta 1937 Intxorta Kultur Elkarteko ordezkariak egon dira Osintxun. Senide eta auzotarren artean bat baino gehiago negar malkotan ikusi dugu.

Eguerdiko mezaren ostean, eta soinujoleen laguntzaz, pankartaren atzean joan dira partaideak aurrerantzean Jon Balentziagaren eskultura egongo den tokiraino. Handik 100 bat metrora, Rafael Garmendia osintxuarrak (85 urte) ondo gogoratzen duenez, Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Rufino Akizu, Jose Garaikoetxea eta Ricardo Zangitu fusilatu zituzten. Bizi-bizi ditu Garmendiak orduko oroitzapenak. Haren aita, Felipe, Osintxuko okina, heriotzatik oso gertu egon zen egun hartan, baina azken unean askatu zuten. Anbrosio Agirrek, bestalde, ihes egitea lortu zuen erreketeek fusilatu behar zutenean.

Bost gizon xume
Anbrosio Agirreren birloba batek, Elene Etxanizek, orain dela 75 urteko gertaerak gogora ekarri ditu. Gizon xumeak ziren bostak, epaiketarik gabe ere hil zituztenak: Mekolate baserriko Ricardo Zangitu zen gazteena, 31 urterekin, eta ondoren Kostola baserriko Ildefonso eta Tomas Iñarra (32 eta 34 urte, hurrenez hurren), Rufino Akizu (38 urte) eta Jose Garaikoetxea (39). Haien emazte eta seme-alabak umezurtz geratu ziren.

Iñaki Etxanizek zera esan du bildutakoen aurrean: "Krimenaren zauriak ixterik ez dago, baina samina ahal den neurrian arintzea da gure nahia gaur, hildakoei zor zaien ohorea eta errekonozimendua eginez". Bergarako Udalak eskainitako laguntza eta Jon Balentziaga eskultorearen lana biziki eskertu du Etxanizek.

Manex Alberdi gaztetxoak aurreskua dantzatu ondoren, inauguratutako eskulturaren aurrean lore-sortak jarri dituzte senitartekoek. Jarraian, Enaitz Alustizak eta Jokin Labaienek bertso hunkigarriak eskaini dituzte. Ekitaldiari amaiera emateko, Hegoak ebaki banizkio abestu dute ekitaldian batutakoek.

Aurrerantzean Balentziagaren eskulturak gogoratuko ditu hildakoak, 1936ko urriaren 20an gertatutakoaren lekuko. Orduan eta atzo hego-haizeak garoa heltzen zuen Osintxu aldean. Senitartekoek olibondo adar bana eta bihotza epelago eraman dute etxera gaur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak