Mikel Andueza apaiz bergararraren SOS deia El Salvadorretik

Edu Mendibil 2011ko urriaren 21a

Mikel Andueza apaiz bergararrak, Oscar Romero Solidaritate Batzordearen izenean, SOS deia egin du asteon El Salvadorretik. Azken egunotako euri jasak direla eta, Mitch urakanaren sasoian baino okerrago daudela dio Anduezak.

Eguaztenenean, telefonoz, egin genuen berba Mikel Anduezarekin eta haien egoeraren berri eman zigun: "Azken 10 egunotan euria dihardu etengabe eta 1998. urteko Mitch urakana jasan genuenean baino egoera okerragoan gaudela esango nuke. Larritasuna eta beldurra nabariak dira eta nekazariek ez dakite zer egin honen aurrean".
Anduezak kasu konkretu bat aipatu digu egoeraren larritasunaz jabetzeko: "Cesar izeneko nekazari batek guztia galdu duela aipatzen zidan eta egoera berean dira haren aita, anaia, laguna edota auzotarra. Jateko ere ez daukate eta etorkizuna guztiz beltza da gehienek uzta osoak galdu dituztelako...".

Horri El Salvadorreko egoera gehitu behar zaio: errekak gainezka, errepideak suntsitzen ari dira eta etxe ugari ere behera etorri dira azken egunotan eurien ondorioz. "Aurrera egiteko laguntza ezinbestekoa izango da", azpimarratzen du Anduezak.

Ia 30 urte Ertamerikan
Mikel Andueza (Bergara, 1950) 1982an joan zen Ertamerikara. Orduan hasi zen El Salvadorreko gatazka armatua eta hango errefuxiatuekin hasi zen lanean, Hondurasen eta Nikaraguan. El Salvadorrera 1987an iritsi zen eta Josefina Purgimon misiolariaren laguntzarekin Komunitateko Garapen Integralerako Elkartea abian jarri zuen. Nagusiki Tacuba herrian, Ahuachapan departamentuan, hainbat proiektu garatu dituzte ordutik. Hasieratik Gipuzkoako Oscar Romero Solidaritate Batzordearekin kolaboratu izan du Mikel Anduezak. Gipuzkoan, Euskal Herrian zein Espainian kooperazio fondoak gestionatzen ditu Oscar Romerok. Hauxe duzue harremanetarako helbide elektronikoa: donostia@comitesromero.org.

Laguntzaren zain

El Salvadorrerako laguntza emateko gertu daudenek hiru aukera dituzte. Ondoko kontu korronteak ireki dituzte dirua jasotzeko:

Kutxan 2101 0001 14 0004048278

Euskadiko Kutxan 3035 0059 81 0590021346

Banco Guipuzcoanon 0042 4161 31 0001037408

Aldez aurretik, kolaboratzen duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete Oscar Romero Solidaritate Batzordetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak