Itsasoa ikusteko ametsa duten atsoen istorioa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko urriaren 21a

'Atsoak dantzan' ikuskizuna eskainiko du Pikor antzerki taldeak gaur, 19:00etan, San Martin plazan. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza du ikuskizunak. Bi izango dira antzezlaneko protagonistak: bi atso; gurpildun aulkian dabiltzan bi atso, hain zuzen.

Gurpildun aulkiekin aurrera eta atzera dabiltza bi atsoak kalean. Liluratuta, harrituta daude. Jendeak uste duenaren kontra, ez daude galduta, egoitzatik ihes egin dute.
Erabaki irmoa hartu dute bi atsoek: ez dute baztertutako traste hutsa izan gura denbora luzeagoan. Oraindik ametsak dituzte betetzeko, eta horiek betetzea izango da haien asmoa; gainera, itsasoa ikustea ere euren ametsetako bat da.
Antzezlanarekin erakutsi gura dute gura izateak, gogoak, edozer gauza lortzeko indarra ematen duela.

Jendearen laguntza 

Itxura ahula duten arren, indartsuak dira bi atsoak. Hala ere, autonomoak izan gura duten arren, mendekoak dira eta ikusleen laguntza behar izango dute hainbat gauza egiteko. Batez ere, azkeneko dantzan eskertuko dute jendearen laguntza.

Angeles Argudo eta Belen Nevado dira antzezlaneko protagonistak. 1989an sortu zuten Pikor antzerki taldea Annarita Fiaschetti eta Miguel Olmedak. Sormen pertsonala da haien lanen oinarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak