Aintzane Oiarbide EAJ bozeramaileak gaurko prentsaurrekoan gogora ekarri duenez, Ibargarain, Arrizuriaga ondoko etxeak egin zituzten promotoreekin, parkerako 300.000 euroko laguntza adostu zuen Udalak bere garaian. Maiatzeko hauteskundeen aurretik zein ondoren parkea behar bezala egokitzeko diru partida horren erabilera aldarrikatu izan du Bergarako EAJk.
Horren ordez, Udalak parkera 40.000 euro baino ez dituela bideratu salatu du EAJko udal taldeak gaur. Oiarbiderekin batera, Rafael Amosarrain eta Ander Alberdi zinegotziak azaldu dira komunikabideen aurrean, batzokian egindako prentsaurrekoan.
Kexu ugari
Arrizuriaga erabiltzen duten haur eta gurasoengandik kexu ugari jaso dituztela eta azkenaldian izandako istripuekin oso kezkatuta daudela adierazi du Oiarbidek. Hori dela eta, mozioa aurkeztu dute udalean. Esan bezala, parkearen gaineko txosten teknikoa egitea eta segurtasun baldintza guztiak betetzea eskatzen dute aipatutako mozioan. Oraindik ez dakite noiz izango den aztergai euren mozioa osoko bilkuran. EAJko zinegotzien arabera, Arrizuriagako parkearen irekiera irregulartasunez betetako prozedura izan da.
Abuztua ezkero zabalik
Arrizuriagako parkea abuztuaren 8an zabaldu zuten jendearendako; parkeak urte mordoa zeraman itxita eta nagusiki txukuntze lanak egin zituzten bertan udaberria ezkero: sasiak kendu, belarra moztu, zorua berdindu eta bestelakoak. Egindako lanen artean, Arrizuriagaren atzealdean dagoen ezpondaren ertzean egurrezko hesia jarri dute baita istripuak saihesteko. Antzibar enpresako langileez gain, udal brigadako langileek, lorazainek eta igeltseroek jardun zuten.
Ingurumen, kultura, ongizate, turismo edo beste edozein ikuspuntutatik begiratuta ere, Arrizuriaga balio handiko ondarea dela azpimarratu dute Udaletik. Herritarren aspaldiko eskaera izan da Arrizuriaga publikora zabaltzea.