Bihar, eguena, bukatzen da Bergarako UNEDen matrikula egiteko epea

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 19a

Bihar, eguena, da azken eguna Bergarako UNED ikastetxe elkartuan 2011-2012 ikasturterako matrikula egiteko. Informazio gehiago gura duenak edo izen ematean interesa duenak 943 76 90 33 telefono zenbakira deitu dezake, edo nahiago izanez gero, zentroaren egoitzara joan. Martitzenetik zapatura bitartean daude ikastetxeko ateak zabalik.

2011-2012 ikasturterako eskaintza zabala gertatu du ikastetxe elkartuak, Europako Goi Mailako Hezkuntza Espaziora %100ean egokitua dagoena. Azken urteotakoaren antzerakoa izango da aurtengoa: hain justu, 26 gradu eskaintzen dituzte. Horretaz gain, gradu-ondo ofizialak, hizkuntzak ikasteko programa berezia, etengabeko formaziorako ikastaroak eta Bergaratik zuzenean antolatzen dituzten ikastaroak ere badaude.

Administrazio Publikoan lan

Berritasunen artean, aurten lehen aldiz, Administrazio Publikoetako Zientzia Juridikoak titulua eskainiko dute. Karrera berria da, eta UNED-ek bakarrik eskaintzen du. Arlo juridikoko karrera da, administrazio publikoan lan egiten duen edo nahi duen jendeari zuzenduta dago.

2.000 ikasle

Azken hamarkadan nabarmen egin du gora matrikulazio kopuruak; bereziki azken urteotan egin du kopuru horrek gora. 2010-2011 ikasturtean 2.000 lagunek eman zuten izena goi-mailako ikasketetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak