Espainiako gerran fusilatutako osintxuarrak omenduko dituzte domekan

Edu Mendibil 2011ko urriaren 19a

1936ko urriaren 20an hil zituzten bost osintxuarren oroimenezko hainbat ekitaldi antolatu dituzte oraingo asterako. Batetik, gaur izango den hitzaldia: Juan Ramon Garairen 'Gerra eta errepresioa Osintxun' hitzaldia izango da Osintxuko eskolan, 19:30ean. Horretaz gain, domekan, fusilatutakoak oroitzeaz batera, haien senitartekoei  omenaldia egingo zaie 'Ezin izan zuten askatasunaren hego haizea gelditu' lelopean.

Espainiako gerran Osintxuko bost lagun hil zituztela 75 urte betetzen dira aurten eta haiek gogora ekartzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Osintxun, 75 urte isilean gordetako gure historia osatzen izenburupean.

1936ko urriaren 20an erreketeak sartu ziren Osintxun arratsaldean, Soraluzetik, eta zazpi lagun atxilotu zituzten. Felipe Garmendia okinaren kasuan, Textil Arretxeko ugazabaren bitartekaritzari esker askatu egin zuten eta Anbrosio Agirrek azken unean ihes egitea lortu zuen.

Egunean bertan, iluntzean, bost lagun fusilatu zituzten Gerondotik Mekolderako tartean, Paris Gainen, garai baten Mekolaldeko futbol zelaia egon zen lekutik oso gertu. Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Jose Garaikoetxea, Ricardo Zangitu eta Rufino Akizu izan ziren fusilatutakoak.

Omenaldia domekan

Fusilatutakoak oroitzeaz batera, haien senitartekoei Ezin izan zuten askatasunaren hego haizea gelditu lelopean omenaldia egingo zaie domekan. Eguerdian meza izango da Osintxun eta ondoren martxa egingo da Gerondoraino. Omenaldia 13:00etan izango da.

Hil zituzten lekuan Jon Balentziagak egindako eskultura jarriko dute. Horrekin batera, eguaztenean, hilak 19, Juan Ramon Garairen Gerra eta errepresioa Osintxun hitzaldia izango da Osintxuko eskolan, 19:30ean.

Bezperarako, zapaturako, Intxortako ibilbide tematikora irteera antolatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak