Maite Aristegi bergararra Amaiurren zerrenda buru Gipuzkoatik A-20rako

Julen Iriondo 2011ko urriaren 16a

Maite Aristegi bergararra izango da Amaiur koalizioaren Gipuzkoako zerrendako burua azaroaren 20ko Madrilgo diputatuen kongresurako hauteskundeetan. Ezker Abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek osatutako koalizioaren emaitzen aurreikuspenetan huts handirik ez bada, beraz, Aristegi diputatu izango da datozen lau urteetan Madrilen.

EAko Rafa Larreina izango da bigarrena zerrendan eta Xabier Mikel Errekondo azken agintaldian Usurbilgo alkate izandakoa –ANVren izenean aurkeztu zen 2007ko udal hauteskundeetara– hirugarrena.

"Momentu historikoa" dela jakinda joango da Madrilera Maite Aristegi

Erronka "izugarria" dela jakitun da Aristegi baina, aldi berean, "momentu historiko baten aurrean" gaudela dio eta bera lana "ahalik eta ondoen egiten saiatuko" dela. "Indar, ahots, sentsibilitate eta ikusteko era desberdinak elkartu dira Amaiurren" eta "herritarren ilusio bat" ere badela gehitzen du. Hark azaltzen du nahi dutena dela "Amaiur izatea Madrilen Euskal Herriaren bozgorailua".

"Bake nahia" eta "Euskal Herriarentzako etorkizun oparo baten" desira nabarmentzen ditu Maite Aristegik, argi izanda "erabakitzeko eskubidea hemen izatea" nahi dutela. "Hitza geurea dela badakigu eta Euskal Herritarrek erabaki behar dugula, baina badakigu Madrilek zeresan handia daukala", dio Aristegik. Maila pertsonalean "zubi lan hori egitea" nahi du Maite Aristegik eta "lana ahalik eta ondoen egitea".

Zerrenda bera atzo eman zuten jakitera Bilbon eginiko aurkezpen baten. Gipuzkoatik, Maite Aristegiren ostean, Rafa Larreina eta Xabier Mikel Rekondo joango dira zerrendetan eta senaturako Amalur Mendizabal, Alberto Unamuntzaga eta Urko Aiartza izango dira hautagaiak. Amaiurrek pertsona ezagun eta alor ezberdinetan lan egindakoak aurkeztu ditu zerrendetan, atzoko aurkezpenean azpimarratu zutenez. Hautagaien "sinesgarritasuna eta gizarteko arlo ezberdinetan lan egindakoak" direla nabarmentzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak