Udal gobernu berriak herritarren parte-hartzean oinarrituriko udalgintza ereduari jarraipena eman nahi dio eta 2020. urtera bitarteko Bergarako plan estrategikoa herritarren laguntzarekin garatzea da helburuetako bat.
Herritarrez gain, udal teknikari eta ordezkari politikoekin eratuko dira talde eragile ezberdinak. Hain zuzen ere, udal teknikari eta politikoak euren lan kulturan parte hartzeko kulturan trebatu nahi dira.
Hiru bilera
Plan estrategikoa definitze aldera, talde iraunkorra eratu zuten joan den urtean, 40 herritar inguruk eratutako taldea. Ondorioz, Bergararen diagnostikoa egin zen eta plan estrategikoaren ildoak zehaztu ziren.
Herritarrekin auto-eraketa esperientzia berriak martxan jarri eta dagoeneko daudenak sakontzen jarraitu nahi dituzte. Talde iraunkorrak plan estrategikoa garatzen hasteko lehentasunak, kronograma eta egitura zehazten lagunduko du.
Lehenbiziko bilera beraz eguenean egingo dute osoko bilkuren aretoan, 19:00etan hasita. Bi orduko iraupena izango du bilerak. Hurrengo biak azaroaren 3an eta 17an egingo dituzte.
Sare sozialetan ere bai
Udalak herritarrak animatu nahi ditu bilera hauetan parte hartzera eta gazteei ere dei berezia egin die bertara hurbildu eta nahi duten Bergara irudikatzeko. Gazteen laguntza ezinbestekotzat jo dute, azken baten etorkizuneko herritarrak haiek izango direlako.
Plan estrategikoaren nondik-norako guztiak ezagutzeko Udalak facebook eta twitter perfilak sortu ditu. Bilera guztien inguruko informazioa jaso ahal izango da bertan, eta baita iritziak eman edo zalantzak kontsultatu.