Medoriren maila nabarmendu dute antolatzaileek; organoan espezializatu zen Perugiako F. Morlacchi Musika Kontserbatorioan eta Ferraran, berriz, musika diziplinetako titulua jaso zuen. Nazioartean ospe handia duten musikariak izan ditu irakasle, T. Koopman, H. Vogel, M. Radulescu, M. Chapuis eta J.B. Christensen tartean.
Europan eta Latinamerikan aritu da Medori bakarlari, jaialdi nagusienetan gonbidatuta, eta ganbera-taldeetan, koroetan eta orkestretan ere jo izan du, balio eta interes historiko bereziko musika-tresnekin.
Aldian-aldian kolaboratzen du Florentina Ganbera Orkestrarekin, Fisoleko Musika Eskolako Vincenzo Galilei Orkestrarekin eta Musica Ricercata taldearekin. Hainbat grabaketa egin ditu eta horien artean interes berezikoa da J. U. Steiglederren Ricercar Tabulatura obraren grabaketa. Lehen aldia zen lan hori grabatzen zela eta Florentziako SS. Annunziata basilikan, Domenico di Lorenzo da Luccaren (1509-21) organo monumentalarekin egin zuen grabaketa.
Gaur egun Florentziako San Filippo Neri elizako organista titularra da Medori.