Erretiratuen kultur hamabostaldia urriaren 17tik 30era

Edu Mendibil 2011ko urriaren 13a

Urteko sasoi honetan ohikoa denez, San Joxepe erretiratuen elkarteko lagunak kultur hamabostaldiaren azken prestaketekin dabiltza egunotan. Aurten kultur hamabostaldiaren 15. ekitaldia ospatuko dute urriaren 17tik 30era eta Bakea eta giza eskubideak izango da ekitaldi ezberdinetan jorratuko duten gaia.

Kultur hamabostaldiari hasiera emango dion hitzaldia Felix Garitano apaiz bergararrak egingo du astelehenean, urriaren 17an, erretiratuen egoitzan, 18:30ean. Giza eskubideen beharra bakea sor dadin izenburuko hitzaldia egingo du Garitanok. Apaiz bergararra Donostian bizi da aspaldi eta alde zaharreko San Bizente eta Santa Maria elizetako parrokoa da gaur. San Joxepeko zuzendaritzako kideekin batera, Udaleko ordezkariak izango dira hasiera ekitaldian.

Jon Mirena Landarena izango da hurrengo hitzaldia, urriaren 19an. Euskal Herriko Unibertsitatean Zigor Zuzenbideko irakasle titularra da gaur eta Eusko Jaurlaritzan Giza Eskubideen saileko zuzendari jardundakoa da. Urriaren 27an, berriz, Mariano Ferrer kazetari ezagunaren txanda izango da: ¿Para qué sirven los proclamados derechos humanos? izenburuko hitzaldia egingo du. Ibilbide profesional gehiena Herri Irratian egin zuen eta ofizialki erretiratuta dagoen arren, iritzi emaile jarraitzen du Mariano Ferrerek hainbat komunikabidetan. Azken aldiz ekainean izan zen Bergaran, Juanjo Alvarez, Miguel Castells eta Artemio Zarcorekin batera UNEDen hitzaldia ematen, Jose Luis Elkoren aldeko Mugituko Da Plataformak antolatutako hitzaldian. Landaren zein Ferreren hitzaldiak Miguel Altuna ikastetxean izango dira, 19:00etan izango dira.

Aipatutako hitzaldiekin batera, irteerak, erakusketak eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte kultur hamabostaldian. Horien artean urriaren 21ean antzerki emanaldia izango da Zabalotegin. Oñatiko Pake Leku erretiratuen egoitzako Ikusi Makusi antzerki taldekoek haien azken antzezlana, Problemas de pareja: la solución, aquí ekarriko dute Bergarara. Emanaldia 17:30ean hasiko da eta sarrera doanekoa izango da.

Gatzagara eta Hondarribira irteerak
Urriaren 26an Hondarribira joateko irteera antolatu dute Bergarako erretiratuek eta urriaren 20an Gatzagara joango dira. Plaza mugatuak direnez, lehenbailehen izena emateko eskatu dute antolatzaileek. Argibideak erretiratuen egoitzan edo 943 76 21 40 telefono zenbakian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak