Txorizoa, sagardoa, euskal pastela, gazta, eztia… Bazen zer dastatu Elosun gaur goizean. Izan ere, 33. mendi ganadu feria ospatu dute bertan. Horrela, ganadua ere bazen ikusgai: behorrak, behiak, astoak, ardiak… Antolatzaileek esan dute 125 abere inguru zeudela eta bertako produktuen 80 postu.
Giroa berotzeko ardura trikitilariek izan dute, eta animatu da jendea dantza egitera. Epelde eta Lutxurdio ibili dira trikitia eta panderoa astintzen. Eguerdian, bestalde, bertsolarien saioa izan da. Jende dezente bildu da Beñat Lizaso eta Loidisaletxeren saioa entzutera.
Balorazio positiboa
Antolatzaileak pozik azaldu dira feriak izan duen erantzunarekin. Aurreko urteetan baino jende gehiago ibili dela esan dute. "Azken hamarkadan izan den jende gehien gaur izan da" adierazi du Balentin Gabilondok. Gaineratu dute eguraldiak asko lagundu duela, nahiz eta uste bezain eguraldi eguzkitsua ez duen egin. Jai eguna zubian tokatu ez izanak ere, feriari mesede egin diola uste dute.
Sari-banaketa
Ganadu onenak ere saritu dituzte gaurko ferian. Hona hemen irabazleak kategoriaka:
- Pirenaika: Irumendi.
- Limousin: Joseba Lizarralde.
- Txarolesa: Balentin Gabilondo.
- Blonde: Mikel Juaristi.
- Gascoin: Pako Badiola.
- Monturako zaldia: Juan Inazio Regorigo.
- Behorra: Luis Mari Aiastui.
- Zaldia: Iñigo Almortza.
- Idia: Pako Badiola.
- Astoa: Santos Oruesagasti.
- Ardia: Angel Osa.
- Ganadu taldea: Mikel Juaristi.
Aurten, lehenengo urtez, plazako postu onenari ere eman zaio saria; Etxabe anaientzako izan da. Irabazle guztiek ardo botilak jaso dituzte sari bezala.
Desafio ikusgarria
Goizean jende ugari ibili zen azokan, eta arratsaldeko desafioak - Bentaosteren idi parea, Iturralderen behorraren aurka- ikusmin handia sortu zuen. Bentaosteren idiek 45 plaza eta bi metro egin zituzten 1500 kiloko harriari tiraka, hogei minutuko tartean. Iturralderen behorrak bestalde, 52 plaza egin zituen 850 kiloko harriari tiraka.