12.000 euroko aurrekontuarekin eta berrikuntzaz beteta dator aurtengo Antxintxika Krosa, Olatz Rementeria Memoriala.
Iaz kirol egokituko lasterkariak izan baziren Soraluze eta Bergara arteko lasterketa honetan debuta egin zutenak; aurten, patinatzaileak izango dira lehen aldiz parte hartuko dutenak.
Patinatzaileen parte hartzeak segurtasun neurriak gogortzea ekarriko du, baita ibilbidean aldaketa batzuk egita ere. Ibilbide aldaketek baina, lasterketa herrian barneratzea ere badute helburu. Hala, aurten lasterketa San Martin plazan amaituko da.
Lasterkariek gainera, txip bat eoango dute aurten, denboren kontrola egitea eta sailkapena erabakitzea errazteko helburuarekin.
Izen-ematea, aurretik
Aldaketa garrantzitsuena akaso, izen-emateena da. Izan ere aurten Internet bidez bakarrik eman ahalko da izena, www.kirolprobak.com webgunean. Izen-emate epea lasteketaren aurreko egunean, azaroaren 4an amaituko da. Lasterketaren beraren egunean, ez da aukerarik izango izena emateko. Parte-hartzaile kopurua mugatua izango da gainera: 100 patinatzaile eta 700 lasterkari gehienez.
Ordaindu beharrekoari dagokionez, hainbat aukera daude. Txipa erosiz gero, 13 euro kostatzen da izen-ematea; txipa alokatu bakarrik egiten bada, bi euro gehiago. Eta Soraluzera joateko autobusa erabiliz gero, beste bi euro ordaindu beharko dira.
Sei autobus izango dira denera Bergaratik Soraluzera: hiru 15.30etan, eta beste hiru 16:00etan.
Lasterketen ordutegiari dagokionez, kirol egokitukoen lasterketa 16:30etan izango da; patinatzaileena 16:50ean eta lasterkariena, 17:00etan. Honetaz gainera, 8 eta 12 urteko umeendako lasterketak egongo dira Barrenkale eta Artekale artean. 15:00etan hasiko dira horiek.