Ehunka lagun batuko dira gaur Elosun, mendiko ganadu ferian

Edu Mendibil 2011ko urriaren 11

Pilareko egunarekin, urteroko hitzordua Elosun. Gaur, mendiko ganadu feriaren 33. ekitaldia ospatuko da, goizeko 9etatik aiurrera. Autobus zerbitzua izango da Bergarako kaletik Elosura joateko.

Urte hauetan guztietan antzeko egitarauari eutsi diote antolatzaileek eta aurten ere ez da apartako nobedaderik izango. Azaroaren hasieran Itziarren ospatzen duten feriarekin batera, mendiko ganaduari zuzendutako feria bakarretakoa da Elosukoa. 1970eko hamarkadan ekin zioten Elosuko feriari.

Aurten ere Elur Txiki elkarteko lagunak arduratuko dira antolaketaz, Bergara eta Azkoitiko udalen laguntzarekin. Feria 09:00etan zabalduko dute eta goiz osoan zehar abelburuak izango dira protagonista: behiak, zaldiak, behorrak, zezenak, idiak edo astoak tartean. Talogileak eta bestelako postuak ere ez dira faltako. Aste erdian jausten denez, asteazkenean bisitari ugari espero dituzte antolatzaileek.

Eguerdian ohikoa denez bertsolarien saioa izango da, sari banaketaren aurretik. Kategoria ezberdineko irabazleak 13:00etan sarituko dituzte, Elosuko pilotalekuan. Egun osoan zehar Epelde eta Lutxurdio trikitilariek jardungo dute eta arratsalderako desafio bitxia iragarri dute antolatzaileek: Bentaosteren idia Iturralderen behorraren aurka.

Autobusean hobeto

Aurreko urteotan bezala autobus zerbitzu berezia izango da Elosura igotzeko eta ahal dela autobusa erabiltzea gomendatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak