Imanol Larrañaga (TTT): "Hona iritsi bagara, aurrekoek egindako lanari esker izan da"

Edu Mendibil 2011ko urriaren 10a

TTT lantegiak 50. urteurrena bete du, eta, ospatzeko, langile, langile ohi, bazkide eta TTT Taldeko ordezkariek –eta haien bikotekideek– ospakizuna izan zuten zapatuan. Lantegia bisitatu ostean, bazkaria egin zuten Lasa jatetxean; 200dik gora lagun batu ziren. Imanol Larrañaga dugu enpresako gerentea 1995a ezkero; 30 urte daramatza enpresan.

Ospatzekoa zuen lantegia 50 urte betetzera iritsi izana.
Honaino iritsi baldin bagara, eskerrak eman behar dizkiegu orain dela 50 urte lantegia abian jarri zutenei, Tomas Zubiari, Carlos Amilibiari, Juan Berasategiri eta Joxeba Larrañagari.  Ausartak izan ziren, eta atzetik datozenei lantegia txukun, egoera onean uztea da gure eginkizuna.

Nola iritsi zen TTT Bergarara?
Lehen aipatutako lagunek Patricio Echeverrian ziharduten lanean eta euren kontu hasi ziren tratamenduekin lanean, Muru baserriko kortan. Piezak tenplatzen zituzten eta bezero nagusien artean Bergarako Ecenarro zeukaten. Burdinazko torlojuei esker Pegasorekin hasi zen lanean Ecenarro, eta, negozio bolumena handituz joan zenez, lantegia Bergarara ekartzea proposatu zieten gure aitari eta haren lagunei. Bergaran 1961ko urriaren 1ean hasi ziren. Orduan hamar bat langile ziren, eskulan askorekin eta gatzetako labeekin.

Zer nolako bilakaera izan du TTTk?
1970eko hamarkadan hasi zen automatizazio prozesua eta lehen handitzea ordukoa da. Labe etengabearekin egiten zen lan orduan; 1986an beste jauzi bat eman zen, laborategi berriak, aldagelak eta bulegoak jartzean, eta, teknologia guztietara iristerik ez zegoenez, fusioa egin zen Zumarragako Goikorekin (1989), eta TTT Goiko sortu; jarraian, Irungo Iontech sortu zen Inasmetekin elkarlanean sortutako proiektu bati esker; ondoren, IkanKronitek abian jarri genuen diamantezko artezarriak egin ahal izateko; eta azkenik, berezko produktua lantzen zuen enpresa izan nahi genuen eta 1995ean Toribio Etxeberria sarietan lehen saria jaso zuen TTT Ejes sortu genuen. Motelgailuen ardatzak egiteko beharrezkoak ziren teknologiak bagenituen, eta horri ekin genion. Gaur egun 230 langile dira taldean, baina enpresa bakoitzak funtzionamendu autonomoa dauka.

Zeinendako egiten duzue lan?
Automobilgintzan nagusiki eta gero eta gehiago aeronautikan dihardugu. Energia berriztagarrietan ere ari gara, eolikoan gehienbat. Aipatutakoetan batzen da produkzio gehiena, %90. Eta horri egokitzeko, 1990ean lehen kalitate ziurtagiria lortu genuenetik, hainbat zertifikazio eskuratu ditugu, prozesu aeronautikoen Nadcap (2006), ingurunekoa (2007) eta iaz lan arriskuen prebentzioarena.

Krisi garai honetan enpresa handitzea ez da ohikoena...
Egiten ditugun piezak txiki-ertainak dira eta tamaina handiagoko piezak egiteko espazioa behar genuen. Bi urte nahiko txarrak pasatu ondoren, 2008an hasitako lanekin jarraitzea erabaki genuen. 2009an bukatu ziren desmuntaia lanak eta aurten, ekainean, pabiloi berria egitea erabaki genuen. Urte bukaerarako pabiloia bukatu eta labe berria martxan ipintzeko asmoa daukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak