San Pedro parrokiako teilatua bistara

Edu Mendibil 2011ko urriaren 7a

Ikusmina piztu dute San Pedro parrokian egunotan egindako lanek. Uztailean abian jarritako berritze lanekin jarraituz, Amenabar enpresako langileek egurrezko teilatuko egituraren zati bat jaitsi dute. Teilatua bistan geratu zaio San Pedrori.

15 metroko luzera eta lau bat metroko altuera zuen atzo jaitsi zuten zertxak. Egurrezko habeekin egindako triangelu formako egitura da.  Zertxetako bat desmuntatu eta teilatu gainetik Ariznoa plazara jaitsi zuten atzo goizean beharrezko konponketak egin ahal izateko.

Bost zertxa ditu parrokiako teilatuak; beste laurak teilatuan bertan konponduko dituzte. Lehenbiziko eta bosgarren zertxa konpondu ahal izateko haritzezko habeak ekarriko dituzte Alemania iparraldetik. Horren tamainako haritzezko haberik ez dutela beste inon topatu adierazi digute proiektuko arduradunek.

Bergarako Zetabi Arkitektura Bulegoak egin du San Pedro parrokia berritzeko proiektua.

Aurreko bi urteotan beharrezko azterketak egin eta proiektua garatu ondoren Uztailean hasi ziren parrokia berritzeko lanak.

Urtea amaitu baino lehen dorrea eta elizako teilatua berritzea aurreikusi dute. Egonkortu eta garbitzeaz gain, dorreko gainerako elementuak ere konponduko dituzte, kanpaiak eta erlojua barne.

Amenabar enpresa ari da San Pedron lanean eta obraren zuzendaritza Zetabiri eta Jesus Laskurain aparejadoreari dagokie.

Hiru milioi euro

3 milioi euro inguruko aurrekontua dauka eta lanak 2013. urterako amaitzea da asmoa. Lehenbiziko faseko lanetarako 400.000 euroko laguntza agindu du Gipuzkoako Diputazioak. Finantziazioa da buruhaustetako bat, are gehiago azken urteotan krisiak han eta hemen eragindako murrizketekin. gauzak ondo badoaz, esan bezala, lanak 2013. urterako amaitzea da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak