Maren Belastegi: "Euskara bakarrik erabili ahal izateko legearen babesa lortu nahi dugu"

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urriaren 7a

Zapatuan Zestoan egindako Batzar Nagusian, UEMAko lehendakari aukeratu zuten Bergarako zinegotzia. Datozen lau urteetarako erronkez berba egin dugu harekin.

Nola hartu duzu kargua eta zein izango da zure egitekoa?
Kargua ilusioz eta gogotsu hartu dut, niretako beste erronka bat gehiago izango da. Espero dut lau urteotan lan txukuna egitea. Egitekoei dagokienez, ardura pertsonalez baino gehiago, ardura kolektiboez hitz egingo nuke. UEMAren gidaritza, lehendakari baten esku baino gehiago, kolektibo baten esku dago: maila baten, udal ordezkarien batzarra dago, eta haien gainetik, zuzendaritza batzordea. Kargua hartu berritan adierazi dudanez, gure ardura nagusia ildo politikoa indartzea izango da; batez ere, UEMA gehiago ezagutaraztea Euskal Herrian; eta herriak sartu ahala, lan politikoari zabalkundea ematea.
EAJko ordezkariak ere sartu dira zuzendaritza taldean, orain arte ez bezala. Nola baloratzen duzu hori?
Zuzendaritzan EAJkoak sartzea oso positiboa da. Zuzendaritza alderdi ezberdinetako jendeak osatu behar du, iritzi ezberdinak egon daitezen. Nik uste dut euren aldetik aurrerapauso bat dela eta euskararengatik interesa erakusten duela aurrerapauso horrek. Horretan orain dela lau urte baino hobeto gaude.
Zein dira zuzendaritza berriak dituen erronkak?
Bi erronka politiko nagusi ditugu: batetik, gaur egun, euskara hutsean funtzionatzeko, legea saihestuz ibiltzen gara, eta horrek eragozpen asko ekartzen dizkigu. Erronka izango da, herritar guztien eskubideak errespetatuta, euskara bakarrik erabili ahal izateko legearen babesa lortzea, eta, horretarako, legeari egin beharreko aldaketak egitea; bigarrenik, nahiko genuke orain arte euskaldun izan diren udalerriek soziolinguistikoki atzera egin ez dezaten bermatzea, eta, horretarako, babesa exijituko diegu instituzioei. Adibidez, herri batean makroproiektu bat egin aurretik egoera soziolinguistikoaren azterketa egitea derrigorrezkoa izatea nahi dugu. Hori horrela, makroproiektuaren eragin soziolinguistikoa aurreikusiko genuke, eta, azterketa hori eskuetan, makroproiektuari buruzko erabakiak baldintzatu.
61 herri daude UEMAn. Epe motzean gehiago sartuko dira? Udaletan egon berri diren aldaketek izango dute eraginik?
Agintaldia hasi zenetik udal asko jarri dira gurekin harremanetan, dozena bat inguru, eta hori oso positiboa da. Gure beste erronka bat izango da lau urteotan herri berriak sartzea, biztanleria kopurua handitzea, eta, indar metaketa eginez, instituzioei presio handiagoa egin ahal izatea.
UEMAko lehendakaria debagoiendarra izateak eragingo du gure bailarako herri gehiago sar daitezen?
Gure bailaran, oraingoz, hiru herri gaude sartuta; guk, behintzat, espero dugu eskualde honetako besteren bat ere sartzea, eta, agian, hemendik gutxira horren gaineko albiste pozgarriak izango ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak