San Joxepe elkartekoak, Cadizetik bueltan

Edu Mendibil 2011ko ira. 30a, 15:30

San Joxepe erretiratuen elkarteko lagunek astebete egin dute Cadiz aldean. 80 lagun joan dira Andaluziara eta Carlos Arrondo San Joxepe elkarteko presidenteak adierazi digunez, oso ondo ibili dira.

San Martinen ostean, irailaren 19an,, atera ziren Andaluziara aldera, autobusez. 80 lagun joan dira Cadizera, Bergarakoak denak, Elgetako eta Gasteizko bi bikote lagun izan ezik.

Eguraldia lagun, toki ederrak ikusi dituztela esan digu Arrondok: batean San Fernando, Chiclana eta Jerez de la Frontera (Williams & Humbert upeltegi ezagunak bisitatu zituzten han); hurrengo Arcos de la Frontera, El Bosque eta Ubrique; Cadiz hiriburura eta San Lucar de Barramedara ere beste irteera bat egin zuten; eta, azkenik, mendi aldean ere ibili dira, Bejer de la Fronteran eta Medina Sidonian hain zuzen ere.

Bitxikeria bat ere eman digu Carlos Arrondok: "Harritzekoa bada ere, Espainiako toki euritsuena Cadizen dago: Grazalema. Hara ere joan ginen. Zorionez, primerako eguraldia izan dugu bidaia osoan zehar, epel, tenperatura atsegina".

Iazko iraileko bidaian 59 lagunek hartu zuten parte eta alde horretatik behinik behin arrakastatsuagoa gertatu da Cadizekoa.

Hitzaldia astelehenean eta urteko jarduerak

Astelehenean, urriaren 3an, hitzaldia izango da Boni Laskuraineko egoitzan. Ongizate ariketak izenburupean, ariketa fisikoaren onurak eta gimnasia egiteko aholkuak eskainiko ditu Jose Mari Avilak, 17:30ean hasita. Aulas Kutxa egitarauaren barruan antolatutako hitzaldia da.

Bestalde, dagoeneko martxan dira hainbat jarduera erretiratuen egoitzan: yoga eskolak astelehen eta eguaztenetan; eskulanak martitzenetan; bingoa eguaztenetan; eta pintura eskolak egubakoitzetan. Edozein argibidetarako 943 76 21 40 telefono zenbakira jo dezakete interesatuek.

Kultur hamabostaldia

Bestalde, Kultur Hamabostaldia urriaren 17tik 30era ospatuko dute aurten. Programa ixten ari dira zuzendaritzako kideak. Aurreko urteotan bezala hitzaldiak, irteerak eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte. 15.ekitaldia izango da aurtengoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak