Ibaiondon adjudikatutako proiektuarendako 48.600 euro gehiago

Edu Mendibil 2011ko irailaren 30a

Ibaiondoko urbanizazio lanen adjudikazio osagarria adostu zuen udalbatzak astelehenean. Udaren atarian hasi zituzten lanok, 367.629 euroko aurrekontuarekin. Aurreikusita ez ziren lan gehigarriek 48.600 euro inguruko aurrekontua dute.

Udal aparejadoreak egindako txostenean proiektuan eta adjudikazioan aurreikusten ez ziren lan gehigarriak ziren, tartean ur hornidura lanak Aspace inguruan, telekomunikazio azpiegituraren instalazio berria eta beste lan txiki batzuk. Lan gehigarri horien aurrekontua 48.595 eurokoa da eta Ibaiondon lanean dabilen enpresari egin zaio adjudikazioa.

Asteleheneko osoko bilkuran, Aintzane Oiarbidek (EAJ) koordinazio falta leporatu zien proiektuko arduradunei eta horrelakoak ez errepikatzeko zorroztasuna eskatu zuen, "are gehiago krisi garai honetan". Jesus Elortza alkateak egondako akatsa aitortu zuen eta zorrotza izatearekin ados azaldu zen. Era berean, egondako akatsak detektatzeko hirigintza teknikoari txostena egitea eskatu zaiola esan zuen alkateak.

Abendurako amaituta

Aipatutako lanek ez dute eraginik hasieran zehaztutako epearekin: abendurako amaituko dituzte. Aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea, erreka bazterra balioztatzea, eta Aspace ingurua txukuntzea dira proiektuaren ardatzak.

Bestetik, Udalaren egoera ekonomikoari buruzko osoko bilkura monografikoaren data zehazteko Diputazioaren zain daudela esan zuen alkateak. Seminarioko eraberritze eta irisgarritasuna hobetzeko egindako lanak direla eta, Udalari 35.434 euro ordaintzea dagokio.

Azkenik, urriaren 15eko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurrean, atxikimendu kanpainarekin bat egitea adostu zuten astelehenean. Guardiako Adierazpenean, emakumeek emakume elkarteetan, nekazarien sindikatuetan, profesionalen elkarteetan eta politikaren esparruan duten partaidetza aztertu zuten, lantaldeen hausnarketa nagusiak bilduz.

Testuari ahalik eta zabalkunderik handiena ematea da helburua eta hortik dator adierazpenari atxikitzeko kanpaina. Auzoen batzordean gaiari jarraipena egitea izan zen Oiarbide zinegotziaren eskaera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak