San Migel parrokiko elizpean jende ugari batu zen domekan, meza nagusiaren ondoren. Ainhoa Larrañagak aurkeztutako ekitaldian, Jose Angel Mikeok eta Mila Elortzak jaso zuten alkatearen makila; bi urtez jarraituko du Elortzak alkate eta 2013an hartuko du ordezkaritza Mikeok. Domekako ekitaldia Jesus Elortza Bergarako alkatea eta Leire Iruin kultura zinegotzia izan ziren.
Mila Elortzak irakurri zuen batzarreko akta eta Mikeok hitz batzuk esan zituen batutakoen aurrean. Azken hiru urteotan herritarren artean landutako Berpiztu planaren garrantzia (Udalean onartu gabea oraindik) gogora ekarri eta hurrengo erronka AHT izango dela azpimarratu zuen.
Jesus Elortzari eman zion hitza jarraian eta Bergarako alkateak angiozartarren herri izaeraren harrotasuna nabarmendu zuen: "Gainera, zuen alkateak makila dauka eta Bergarakoak ez", gehitu zuen umorez. Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratuek akta liburua sinatu zuten, egunaren testigantza uzteko.
70 lagun danborradan
Jaietako ekitaldiak aurreko asteburuan izan ziren eta egubakoitzeko danborrada izan zen ekitaldi izarretako bat. 70 lagun inguru atera ziren, haur eta nagusi. Zapatuan herri bazkaria eta domekan pilota txapelketako finalak egon ziren. Gaur, San Migel eguna ospatzeko, hainbat ekitaldi daude iragarrita.
Eguerdiko 12:30ean kalejira izango da eta arratsaldeanm 16:30ean briska txapelketa eta 18:00etan haurrendako merienda. Ohiturari jarraituz, iluntzean, 20:00etan, San Migelen zeruratzeak emango die amaiera Angiozarko jaiei.