Lokatzak boluntarioak behar ditu domekako bizikleta martxan laguntzeko

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 29a

Iazko ibilbidearen antza izango du urriaren 2an, domekan, Debagoieneko mtb zirkuituaren barruan egingo duten Bergarako Aspanogi martxak (09:00). Iazkoarekin jendea oso gustura geratu zen, eta antolatzaileek helmugan jasotako proposamenak aintzat hartu dituzte aurtengoa prestatzerako orduan. Baina, Lokatzatik oharra bidali dute, esaten, jendea behar dutela egunean bertan ibilbideko bidegurutzeetan laguntzeko.

Bergarako ziklismo-zaleei dei egin die Lokatzak, edo beste barik, laguntzeko gertu dauden bergararrei. lokatzabttsaila@gmail.com helbidera idatzita jar zaitezkete Lokatzakoekin harremanetan, eta laguntzeko gertu zaudetela adierazi. Izan ere, ibilbideak 40 kilometro izango ditu, eta bidegurutze asko daude zaintzeko. Bolondresek aparteko segurua izango dute egun horretarako, eta oparitxo bat jasoko dute.

Iazko ibilbide antzerakoa, baina kilometro gehiagorekin

Tramu motzak 28 kilometro izango ditu –bizikletan apur bat ibiltzen direnendako egiteko modukoa– eta 750 metroko desnibel positiboa. Eta, luzeak iaz baino zortzi kilometro gehiago (37km) eta 1.100 kilometroko desnibel positiboa –Wikiloc webgunean duzue ibilbideko track-a zintzilik, eta biciprecisionigartua helbidean informazio gehiago.
Hala, Ibilbideari dagokionez iazko bazter ederretatik igaroko dira aurten ere mendiko bizikleta zaleak: Asentzioko aintziratik, Intxortako inguruetatik, Elgetatik, Aixolako urtegitik, Azkonabietatik eta Basalgoko jaitsieratik. Irteera puntua Agorrosinen egingo dute, 09:00etan, eta proba amaitzerakoan hainbat opari banatuko dituzte (luntxa egongo da bertan, eta baita bizikletak garbitzeko mangerak), eta baita Orbea Orca baten zozketako boletoak ere.

Izenematea aurrez hobeto
Urriaren 2an Bergarako irteera puntuan egon nahi duenak hobe du izena internetez ematea (irailak 30 da izena aurrez emateko azken eguna), askoz ere gutxiago ordaindu beharko du-eta (200 lagunendako tokia izango da). Hala, izena internetez emanez gero federatutakoek 8 euro baino ez dituzte ordainduko (kirolprobak webgunean) eta federatuta ez daudenek 10 euro. Egunean bertan egiten duenak, berriz, federatuak 15 euro ordaindu beharko ditu, eta federatuta ez dagoenak 19 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak