Debabarrena taldean korrituko dute Orobengoak, Lizarraldek eta Aristik

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 27a

Lokatza-Sumofic taldeko Hodei Orobengoari, Mikel Aristiri eta Eneko Lizarralderi afizionatu mailara salto egiteko ordua iritsi zaie, eta Eibarko Debabarrena taldearen eskutik egingo dute saltoa. Hala, gazte mailan azken urte onaren ondoren kategoria berrira moldatzeko lanetan ikusiko ditugu datorrenean.

Txirrindularitza denboraldia amaitu dute gazte mailako ziklistek, eta atseden hartzeko ordua da. Atseden hartu, eta datorren denboraldian zer egin erabakitzeko unea. Gazte mailatik afizionatu mailarako saltoa ez da erraza, eta talde gehienetan nahi baino leku gutxiago izaten da. Lizarraldek, Aristik eta Orobengoak, baina, ez dute arazorik izango ziklismoan jarraitu ahal izateko: Bergarako hiru txirrindulariek urte oso ona egin dute, hirurek lortu dute aurten garaipenen bat, eta sarri egon dira podiumean –Aristiren denboraldia ikusgarria izan da. Hala, curriculum horrekin Eibarren gustura hartuko dituzte.

Hainbat eskaintza

Aristiren kasuan, gainera, aurten egin duen denboraldi ikusgarriaz –Hainbat lasterketa irabazteaz batera Gipuzkoako txapeldun eta Iruñerriko Itzuliko txapeldun izan da, eta Espainiako selekzioaz izan da Europakoan– Bergarakoak talde askotako eskaintza zuen, baina taldekideekin batera jarraitzea erabaki du, gauzak ondo eginez gero datozen urteotan izango duelako afizionatu mailako talde indartsuetara salto egiteko aukera.

Horrenbestez, datorren denboraldian Lokatza-Sumofic taldeko harrobiak emandako lau ziklista izango dira Eibarko taldean, aipatutako hiru ziklistekin batera Jon Rivero ere Debabarrenan dago-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak