Gregorio Plazaola: "Itxaropen handiak genituen, dena zegoen egiteko eta lanerako gogotsu ginen 1979an"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 29a

Demokraziako lehen hauteskundeak gertu-gertutik ezagutu zituen. 30 urte zituen HBko zinegotzi aukeratu zutenean. Oroitzapen onak ditu sasoi hartakoak. "Lan asko egin genuen denok" dio.

Zela gogoratzen dituzu demokrazia garaiko lehen urte haiek eta lehen hauteskundeak. Zelakoak izan ziren?
Oso giro eta testuinguru berezian egin ziren. Herria batuago zegoen, abertzaletasuna indartsu. Bestalde, guretako gauza berria zen. Pentsa, mitin berba entzun eta geure buruari, "eta zer da hori?, zela egiten dira mitinak?". Gurasoei eta zaharrei galdetu genien zer ote zen. Bestalde, gure zerrendako guztioi argazki bana atera zigun Argazki dendako Pedro Luis Ormazabalek eta panel batzuk egin genituen. Dendetako erakusleihoetan jarri genituen, Herri Batasuna izenburupean.

Ze emaitza espero zenuten?
Berriak ginen. Herri Batasuna sortu berria zen. Eta, bestalde, EAJ indartsu zegoen, artean zatitu barik, eta jendarte masa handia zuen. Haiek zaharrak zituzten. Guk ez. Orain gazte premian daude EAJkoak…

Bete ziren aurreikuspenak?
Espero baino emaitza hobeak lortu genituela esango nuke. Bost zinegotzi lortu genituen. Oso emaitza onak. EAJk, 9; eta PSOEk, EEk eta EMKk, bana.

Agintaldiko ze oroitzapen daukazu?
Oso ona. Dena zegoen egiteko. Itxaropen handiak genituen. Lanerako gogotsu ginen eta, uste dut, lan asko egin genuela. Udalbatza osoak. Ze, han ez baitzeuden gobernua eta oposizioa, orain bezala. Denak lanean. Jose Antonio Zabala alkateak denak jarri gintuen lanean.

Zabala alkatea (EAJ) zelakoa zen?
Gizon handia; gizon ona. Lan egin eta eragin egiten zuena.

Zu zeu zein arlotan egon zinen?
Osasun arloa neraman; baina, gure beste zinegotzi batek, Hirigintza arloaren ardura zeukan. Pentsa, Hirigintza. Gerora hartu duen garrantziarekin… Javier Suduperen ardura zen hura.

Agintaldi hartako lorpenik garrantzitsu edo entzutetsuenak?
Bergarako saihesbidea agintaldi hartan egin eta inauguratu zen. Hiltegia itxi eta zubia egin zen Herrilagunak kalean, baita San Lorentzo eta poligonoa lotzekoa ere, edota herritik saihesbidera irteteko zubi nagusia ere, Torrekuan. Bestalde, Irizar jauregia orduan erosi zen eta baita Arrizuri jauregia ere. Liburutegia egin nahi zen han, baina Ertzaintzaren komisaria jarri zuten, gure kontrako iritziarekin. Gabiria dorrea ere orduan erosi zuen Udalak.

Eta Usondo?
Baita hura ere. Etxeaundiko jabeei erosi genien Guardia Zibilaren kuartela zegoen orubearen truke —gaur egungo Oxirondo plaza— eta han etxeak egiteko baimenaren truke. Gero, herriko parke publiko nagusia bihurtuko zen Usondo.

Mizpirualde egoitza ere sasoi hartakoa da?
Ospitalea zegoen lehen han eta hura egokitu eta zaharren egoitza jartzeko proiektuari oniritzia eman zitzaion. Egoitza egiteko aurrekontua zen 117 milioi pezeta.

Bergara izena ere orduan aldatu zenuten, ezta?
Bai, hala da. Vergara izatetik Bergara izatera pasa zen, 1979ko uztailaren 10ean hartu zen erabaki hura.

Eta 1981ean Estatu kolpea…
Kortazarren ginen txikito batzuk hartzen eta lagun bat etorri zitzaidan esatera militarrak Espainiako Kongresuan sartu zirela eta gau hartan etxetik kanpo egiteko lo. Hala egin nuen. Zorionez, hurrengo egunean dena bere onera etorri zen. Beldurra pasa genuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak