Patxi Larrañaga: "Gure arbasoen, baserritarren bizimodua aztertu nahi izan dut"

Edu Mendibil 2011ko irailaren 26a

Azken urteotan buru-belarri dabil Patxi Larrañaga (62 urte) hango eta hemengo artxiboak arakatzen. Bergarako auzo eta baserrien historia batzeari ekin zion duela hamar bat urte eta dagoeneko lana amaitzen ari da, nahiz eta, hark dioenez: "Horrelakoetan, beti dago gehiago sakontzea, eta horretan dihardut".

Nola hasi zinen herriko baserrien inguruko historia batzen?
Ni, izatez, plazentziarra naiz, eta, ezkondutakoan Bergarara etorri eta gero, orain dela 35 urte inguru, Bergarari buruz gehiago jakin nahian, auzoak eta baserriak hasi nintzen ezagutzen, baita argazkiak ateratzen ere, betiere interesatu zaizkidalako historia eta genealogia, batez ere gure arbasoek egindakoak gure gaurko bizitzan duen eraginagatik. Azken baten, gaur garena haiei zor diegu, neurri handi baten. Ondoren, lana zela-eta utzi egin nion ikertzeari, eta, osasun arazoengatik lanetik erretiratu behar izan nuenean, orain dela hamar bat urte, berriro heldu nion ikerketari.

Zeintzuk izan dira zure informazio iturriak eta zein urtetakoak dira lehenbiziko datuak?
Lehenbiziko datuak 1350. urtearen ingurukoak dira (orduan integratu ziren Bergarako eta Antzuolako baserritarrak Bergarako Udalean, herri barruan) eta azkenak, 1930. urtekoak. Nolabaiteko muga jarri nahi izan dut, hortik aurrerako datuen kasuan interesatuen intimitatea babesteko. XVI. mendea mugarritzat jo daiteke, orduan hasi ziren-eta notario-aktak eta Udalekoak jasotzen. Ordura arte eskribauek egiten zuten lan hori eta benetan gauza ederrak topa daitezke.Informazio iturriei dagokienez, idatzizko iturrien artean Auñamendi entziklopedia oso baliagarria gertatu zait, eta Bergarako Udal Artxiboa ere bai. Gure artxiboa inguruko onenetakoa da eta eskerrak eman nahi dizkiet bertako langileei, eskaini didaten laguntzagatik. Elgetako Artxiboan ere ibili naiz (Angiozar eta Ubera 1928an integratu ziren Bergaran eta ordura arteko datu gehienak Elgetan dituzte), Elizako Artxiboan, Oñatiko Protokoloetako Artxiboan eta, azkenik, zenbait partikularren artxiboak ere aztertu ditut, haien eskuzabaltasunari esker.

Nola antolatu dituzu jasotako datuak? Badago asmorik material hori guztiori argitaratzeko?
Baserri bakoitzaren argazkiarekin batera, baserriaren kokapena, historia (ordena kronologikoan), deskripzioa eta dagokion izendapena dator. Gauza bera egin dut herriko auzoekin. Nahiz eta historian zehar aldaketak izan diren, 17 auzo aztertu ditut. Hainbat auzotan, nolabait esateko, auzordeak daude; Angiozarrek, esaterako, sei auzo ditu. 1.300 orrialde inguru dira guztira eta ikusteko dago Udalak zer egiten duen material horrekin.

Zenbat baserri dira aztertu dituzunak?
460 bat, ermitak eta errotak barne. Hainbat kasutan baserri izendapena zalantzazkoa da; 400 bat baserri egon daitezke. XVII. eta XVIII. mendeetan errenta esplotaziorako baserri asko eraiki ziren. Garai baten, jendeak Ameriketan egin zuen dirua, eta, altzairuaren krisiaren ondorioz, jauntxoek lursailetan eta errentetan inbertitu zuten, eta badira errentan lau familia izatera iritsi ziren baserriak ere. Zortzi bat familia ziren aberatsenak eta haietako bakoitzak hamar baserri izango zituen. Bestalde, ez pentsa baserritarrak gizajoak zirenik. "Nahiz eta dirurik ez izan zu bezain kaparea naiz", esaten zieten jauntxoei askotan. Azken baten, odol garbitzat zeukaten euren burua eta horri eusten zioten euren kaparetasuna aldarrikatzeko. Horrelako kontu asko dago agiri zaharretan. Bestetik, bitxikeria moduan, Bergaran 13 baserri dira 600 urteren ondoren baserriko abizenari eusten diotenak: Aldai Azpikoa, Garitano Erdikoa, Garitano Barrenengoa, Orbe Aundi, Loidi, Zuloeta Gainekoa, Lamarain Dorre, Gantxegi Goiti, Arando, Irazabalbeitia, Irazabal Aundi, Olañeta eta Idarraga Azpikoa.
Esan bezala, baserritarren bizimodua nolakoa zen islatzen ahalegindu naiz, betiko galderei erantzuten, alegia: nolakoak ziren, non bizi ziren, zer-nolako lana egiten zuten. Gure arbasoen bizimodua ezagutu nahi izan dut.

Orain arte egin gabe zegoen lana eta oso baliagarria gerta daitekeena.
Nire asmoa beti izan da lan hau guztiau Udalaren esku uztea, nahi duenak edozein kontsulta egin nahi izanez gero, horretarako aukera izan dezan.

Dagoeneko jendea joan zaizu kontsultak egitera.
Bai, kontuan izan erregistro ofiziala 1890. urtearen inguruan sortu zutela, eta horren aurretiko dokumentuak aztertzeko eskribauen agirietara jo beharra dago. Baserrien inguruko auziak eta bestelako kontratuak haiek jaso zituzten eta izan ziren salerosketak edo jabetzak argitzeko, adibidez, ezinbestekoak dira. Horrez gain, bataioak, jaunartzeak, zorrak eta bestelakoak ere antzinako agirietan jasota daude. Erdi Aroan hasi eta XX. mendera arte dator jasotako informazioa. Ikerketa lanetako zein herritar guztiendako (bereziki baserriko jendearendako) interesgarria gerta daiteke.

Baserririk aipagarrienak?
Bergara oso aberatsa da alde horretatik. 35 baserrik daukate armarria eta 135 dira jatorrizko abizena duten oinetxeak. Artearen ikuspegitik altxor asko dago: Agirre baserria, Albitxu, Eduegi, Lamarain, Arane Erdikoa... Elementu bereizgarriak dituztenak ere bai: Agurlaeta Goikua (arko gotikoarekin), Artzamendi (jauregi itxurakoa), Irigoien Zabala (barroko estiloko armarria), Arregi eta Lamariano dorreak, Monasteriobide edo Garitano Erdikoa. Ikaragarria da herrian duguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak