Napoka Iria Eibarretik datorren bikote akustikoa da, eta, hain zuzen, Bergaran bertan -Zabalotegin- grabatutako zuzeneko disko berria aurkeztuko du kartzela zaharrean. Miren Narbaizak eta Ander Mujikak osatzen duten bikotea benetan indartsua da eta euren melodia bakoitzak izugarrizko sentimendua transmititzen du. Ikuslea lehen unetik erakartzen dute bi kideen gitarra hotsek eta Narbaizaren ahots ederrak.
Mara izenaren atzean, berriz, Laudioko Igor Arzuaga ezkutatzen da; ibilbide luzea duen musikaria da Arzuaga. Pianojole benetan trebea da laudiotarra eta doinu klasikoak letra bereziekin uztartzen ditu. Nahasketa benetan interesgarria egiten du. Ahots sarkorra eta sendoa du musikariak eta hasiera-hasieratik erakartzen du entzulearen arreta.
Giro intimoa sortzeko luxuzko gonbidatuak dira gaurko bi taldeak eta Gaztetxera joandakoek gustura entzungo dituzte musikarien abesti berezi eta indartsuak. Kontzertuak gaueko 22:00etan hasiko dira eta sarrera hiru euro da.
Tortura ardatz, antzerkia eta mahai-ingurua
Torturari buruzko antzerkia eta mahai-inguru irekia egingo dira domekan, 18:00etan, gaztetxean. Maria Mendicutek idatzitako Ensayo sobre la tortura lana antzeztuko dute Pablo eta Luis Cotarelo aktoreek. Antzezlanak jendearen kontzientzian eragitea du helburu, eta, horretarako, torturatu baten bizipenak taularatzen dituzte. Zehazki, poliziak ezbeharra ekiditeko torturatzea erabaki duen aktibista baten istorioa kontatzen da.