Bergarako merkataritza indartzeko plana abian

Edu Mendibil 2011ko irailaren 22a

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin eta herriko dendarien elkartearekin batera (Bedelkar), Merkataritza Indartzeko Plana martxan jarri du Bergarako Udalak.

Plan honen egitasmoa ekintza desberdinen bidez hiriko merkataritza egituraren oreka bilatzeaz gain, modernizazio prozesuan lagundu nahi du. Zuzendaritza teknikoa Ikertalde aholkularitzak eramango du eta hain zuzen ere, datorren astean bertan inkestak egiteko hasiko dira, telefonoz zein aurrez aurre hainbat kasutan.

Ainhoa Mitxelena Ikertaldeko ordezkariak azaldu digunez, "hiruzpalau aste emango ditugu inkestak egiten eta ahal dela kolaborazioa eskatu nahi diegu herritarrei". Besteak beste, merkataritza eskaria eta eskaintza eta herriko kontsumitzaileen erosketa ohiturak aztertuko dituzte.

Horrekin batera, herri mailako jarduerak, enpresa jarduerak edota merkataritza jarduerak izango dira aztergai datozen asteotan. Ainhoa Mitxelenak esandakoaren arabera, hortik diagnostikoa etorriko da eta orduan ekintza plana zehazteko ordua izango da.

Esan bezala, Bergarako merkataritza indartzea da helburua, beste herri askotan gertatu bezala, beherakada eman delako azken urteotan. Bedelkar elkartearen barruan 80 bazkide inguru dira gaur. 1994. urtean sortu zuten elkartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak