Hiru jaima jarri dituzte Zabalotegiko pilotalekuan eta hain zuzen ere, erakusketak betetzen duen espazioa dela eta, Zabalotegin jarri dute Sentitzen animaliek bezala erakusketa. Basa Fauna Sendatzeko Ilundaingo Zentroaren erakusketa ibiltaria da, esan bezala Faureco europear proiektuaren barruan egindakoa. Besteak beste, Europako Batasunak eta Nafarroako Gobernuak hartzen dute parte.
Antolatzaileek azpimarratu bezala, fauna sendatzeko zentroen izateko arrazoia biziarekiko errespetua da. Basa animalien gorputzean barrena dagoen bizi-funtsa gizakiok dugun berdina da. Horregatik, animalien biziaren alde lan egitea gizakien biziaren alde ere egitea da.
Zabalotegiko erakusketa aipatutako irizpideetan oinarritzen da. Erakusketako hiru guneetan bisitariek fauna eta haren problematika gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Kontzientziazioa piztea da helburuetako bat.
Erakusketa irailaren 28ra arte dago zabalik, aste barruan 09:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Asteburuan goizez bakarrik zabalduko dute, 12:00etatik 14:00etara. Debagoienean, Bergaran bakarrik ikusi ahal izango da erakusketa. Ikasleendako bisita gidatuak antolatuko dituzte.