Oinezkoendako eta bizikletan doazenendako bidegorria zabalik

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 21a

San Antonioko Algodonera azpiko tuneletik Candyko biribilera doan bidegorri tarte osoa zabalik da joan den egubakoitza ezkero. Oinezkoendako zatia zabalik zen lehendik. Bidea zabaldu, urak jasotzeko bide bazter sakona kendu eta oinezkoendako zein bizikletan doazenendako tartea egokitu dute. Azken ukituak ematen ari dira, seinale bertikalak-eta jarri, eta bidegorria margotu ere ondorengo egunotan egingo dute. Jende asko ari da joan-etorrian.

Joan zen eguenean laga zuten ia amaituta, zoruan asfalto gorria bota ostean. Asfaltoaren 170 gradu beroa gutxi ez eta egun horretan egin zuen 35 graduko tenperatura gogorrak jasan behar izan zituzten langileek. Hala kontatu ziguten lana amaitutakoan, iluntze partean. Oraingo egunotan txukunketa lanetan ibili dira eta laster margotuko dituzte bide-markak bidegorriaren zoruan.


216 metro luze

Bidegorri zati hori 216 metro luze da eta bi metro inguru ditu zabaleran. Esan bezala, orain arte egon den ubidea, sakonera handikoa eta arriskutsu samarra, estali egin dute bidegorriaren zabalera handitzeko. Lanak egiteko zuhaitzak eta argiztapena lekuz mugitu dituzte eta ondoko ortuei ere zatitxoa kendu diete.

160.000 euro

Lanok Antia S.L. eta Excavaciones y obras de Diego S.L. aldi baterako enpresak egiten dihardu eta 160.000 euroko aurrekontua dute.

Aurrekontu horren barruan, Lazpiur S.A. enpresa eta Gorostola baserriaren arteko bidegorria ere sartzen da. Uztailaren 19an hasi zituzten lan horiek eta abuztuaren erdialdean zabaldu zuten bidea. Zati honek, besteak bezala, trenbide zaharraren bidea hartu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak