Plan estrategikoa gauzatzen hasi nahi du Udal Gobernuak

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko irailaren 21a

Horretarako plangintza bat zehaztuko dute, eta zehazten joateko, hiru batzar sorta antolatu dituzte: Udal politikariendako, Udal teknikariendako eta herritarrendako. Plangintza hori agintaldiko lan tresna izatea da Gobernu taldearen helburua.

Aurreko agintalditik jasotako plan estrategikoa gauzatzen hasi nahi du Udal Gobernuak. Teoria praktikara eramaten hasi nahi du, azken batean, eta horretarako plangintza, urte amaierarako prest izan nahi dute. Gero, plangintza hori izango da Udal Gobernuak erabiliko duen lan tresna agintaldian barrena.

Plangintza zehazten joateko, hiru batzar sorta antolatu dituzte, irailean hasi eta azarora bitartean; bata, Udal politikariendako; bestea, Udal teknikariendako; eta hirugarren sorta, herritarrendako. Prozesuan Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izango dute –plan estrategikoa diseinatzen lagundu zuen aholkularitza bera da.

Hiru batzar sorta

Lehenengo sortan Udaleko politikariek hartuko dute parte eta Udal Gobernuko kideez gain, oposizioko taldeei ere luzatu diete batzarrotan parte hartzeko gonbitea.

Egubakoitzean, hilak 23, goizez, eta zapatuan, hilak 24, egun osoz, egingo dituzte jardunaldiok, Elosuan.

Batzarron helburu orokorra da herritarren parte-hartzean sakontzen jarraitzeko oinarriak lantzea. Helburu zehatzagoei erreparatuz gero, hiru azpimarra daitezke: Udaleko politikariak trebatzea, euren lan-moduan parte hartzeko kultura txertatzeko eta herritarrekin parte hartzeko prozesuak diseinatu eta bideratu ahal izateko; datozen lau urteotan herritarrekin elkarlanean jorratuko diren lan-ildoak identifikatzea eta horiek garatzeko antolaketa zein funtzionamendua zehaztea ­udal barrukoa nahiz herri-mailakoa–; eta legegintzaldi honetan Udalean lanean arituko den taldearen kohesioa lantzea eta areagotzea.

Teknikariendako jardunaldiei dagokienez, urriaren 3an eta 4an izango dira hauen kasuan ere, helburua da euren lan-moduan parte hartzeko kultura txertatzeko eta herritarrekin parte hartzeko prozesuak diseinatu eta bideratu ahal izateko.

Herritarrendako batzarren kasuan, hiru batzar egingo dira, baina data oraindik zehazteko dago. Batzarrotan interesa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute. Baita plan estrategikoa egin zenean sortu zen jarraipen batzordeak ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak