'Bertsolari': zirraragarria eta hunkigarria, zaleen eta kritikoen berbak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 20a

Oso harrera ona izan du Zinemaldian Asier Altunaren azken pelikulak, Bertsolari-k. Bai zaleen eta baita kritikoen artean. "Zirraragarria" eta "hunkigarria" dira gehien entzun diren berbak. Altunak mundura zabaldu nahi izan du bertsolaritza. Ezagutzen ez dutenengana hurbiltzeko ahalegina egin du. Eta, horretarako, metaforak eta alegoriak erabili ditu, kritikak nabarmendu duen moduan; maisuki, gainera. Hona, hainbat hedabidetan irakurri ditugunak Bertsolari-ren inguruan.

Berria egunkarian Beñat Izagirrek honela dio: "Bukaeran entzundako txalo zaparradaren arabera, harrera bikaina eduki duela ez dago zalantzarik. Bertsolarik ez du hutsik egin, eta lan borobila dela esan dezakegu. Gainera, bertsozaleak ez direnentzat ere erakargarria gertatuko da, ezbairik gabe".

Irudi eder eta iradokitzaileak

Sustatu agerkari digitalean zera irakur dezakegu Xabier Mendiguren Elizegik sinatu duen artikuluan: "Pelikula ederra da Altunak egindakoa, irudi eder eta iradokitzailez betea, eta hori da bertsolaritza zer den aldez aurretik ezagutzen duen ikuslearentzako berritasun nagusia: bertsoa asmatu aurreko segundoetan bertsolariaren buruan zer dabilen irudikatzeko hainbat metafora bisual erabili ditu zuzendariak, hala nola Miren Amuritza harrobi bateko amildegiaren ertzean ibiltzen jartzen duenekoa (ikus goiko bideo pusketan; Lekunberri ondoko Aldatzen errodatua da hori, Altunak berak prentsaurrekoan argitu duenez)".

Sortzaileen magia birsortu

El Diario Vasco-n, Mikel G. Gurpegik, honela dio: "Bertsolari es un orgulloso homenaje, hecho por personas capaces de apreciar cuanto de emocionante y significativo hay entre los bertsolaris, y de trasladarlo con gusto a la pantalla".

Mitxel Ezquiagak ere idatzi du egunkari berean, dokumentalari buruz. Ezquiagak dio Altunaren lanak txaloak jaso dituela Donostiako zinema aretoetan erakutsi den estreinaldi osteko ondorengo egunetan ere. Ezquiagaren ustez, Altunaren lanak, "batzuetan thrillerra dirudi eta beste batzuetan bat batekoaren sortzaileen magia poesiaz birsortzen du".

Zine dokumentalaren lezioa

Noticias de Gipuzkoa-n, Juan Zapaterrek dio Altunak zine dokumentalaren lezio ederra eman duela. Artikuluaren egileak Bertsolari, Julio Medemen La pelota vasca-rekin parekatu du, hura ere dokumentala, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zena duela urte batzuk, baina erabat ezberdina. Hauxe dio: "La pelota vasca ilunabarrez eta lutoz janzten bazen, Altunaren lanak argia eta zintzotasuna erakusten ditu".

Atzekoz aurrera

Gara-n, Mikel Insaustik dio Altunak atzekoz aurrerako kontaketa maisuki darabilela: "En su libro Sombras en la caverna, el documentalista Juan Miguel Gutiérrez estudia la influencia de la técnica atzekotz aurrera del bertsolarismo en el desarrollo de un forma propia de montar las películas en el cine vasco, desde Ama Lur hasta nuestros días. Asier Altuna no sólo la aplica al montaje de Bertsolari, sino que además acierta a ilustrar su funcionamiento con ejemplos visuales muy esclarecedores.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak