Nola bizi izan zenuen estreinaldia?
Egun polita izan zen, pelikula erakusteko gogotsu nengoen.Horrelako egunak bereziak dira, ezkontza baten antzerakoak; ekitaldia pasatzeko gogoa ere baneukan. Goitik ez duzu neurtzen ze harrera duen, baina gero bai, jendeak komentatu zidan pelikula gustura hartu zuela, publikoaren berotasuna sumatu nuen. Eta antzerakoa ari zait gertatzen hedabideetan esan direnak ikustean.
Espero zenuen publikoak eta kritikak egindako harrera beroa? Nola hartu duzu?
Pelikularengan konfiantza handia neukan: banekien ikusteko erreza izango zela, pelikulak berak eraman egiten zaituela eta eta gustagarria izan daitekeela. Pozik nago baieztatu egin delako.
Ikusteko erreza bai, baina egiteko ere hala izan al da?
Bi urte eta erdi denbora luzea iruditu ahal den arren, dokumental bat egiteko ez da hainbeste. Nire sentsazioa da pausuak nahiko azkar eta bide onetik eman ditudala, batez ere azken urtean: martxoan oraindik grabatzen nengoen, maiatzean muntatzen, eta zapatuan estreinatzen. Nekezena finantziazioa lortzea eta hasierako pausuak ematea izan da.
Zergatik bertsolaritzari buruzko proiektu hau?
Gaia interesgarria izan zitekeela iruditzen zitzaidan bertsolaritza jendearengana iristen delako, barrenak mugitzen dituelako. Zentzu horretan antzekotasun handia dauka zinemarekin eta pentsatzen nuen bertso-saio baten gertatzen diren emozioak pantailan ere gerta zitezkeela.
Planteamendua izan da hasieratik bukaeraraino bertsolaritza kanpotik ezagutzen joatea; ezagutu heinean, pelikula osatzen joan da. Esan daiteke pelikularen gidoia elkarrizketatu ditudan bertsolari eta aditu guztiek egin dutela, baita lantaldeak ere. Ederrena izan da pelikula bukaerara arte bizirik egon dela, azken planoa muntatu arte.
Eta estetikoki zein izan da planteamendua?
Argazki kamera bat erabili dut grabatzeko, eta txundituta nago pantailan ematen duen itxurarekin. Asmoa izan da kamera etxean eduki eta asko mugitzea, bertso-saio bat zegoela jakin eta hara joatea. Kamerak oso irudi zinematografikoa ematen du eta soinuarekin isiltasunarekin ere asko jokatu dut.
Kritikaren baten irakurri dugu Bertsolari-k ez duela dokumental askok duten ukitu didaktikoa. Erabaki kontzientea izan da?
Nire pelikula egitera joan naiz, eta hori argi izan dut hasieratik: bertsolaritza neure egin behar nuela, neure begietatik adierazi. Erreportajea izan beharrean sentsazioak sortzen ditu eta interesgarriagoa iruditzen zait.
Bertsolariek, nola erantzun zioten parte-hartzeko proposamenari?
Hasierako jarrera oso positiboa izan zen; hasi Maialen Lujanbiorekin eta Unai Iturriagarekin hasi nintzen harremanetan eta oso ondo hartu ninduten. Andoni Egañaren jarrera eta disposizioa ere sekulakoa izan da. Denak ere gogotsu sartu dira pelikulan. Bertsozale Elkarteak ere hasierati jarri du konfiaantza gugan, eta asko lagundu digu bai dokumentazioarekin eta baita finantziazioa bilatzen ere.
Harrera izugarria egin diote bai Elkarteak eta baita bertsolariek ere: gustura geratu dira eta esan didate eurentzat oso garrantzitsua dela pelikula hau.
Nori zuzenduta dago Bertsolari?
Nik uste dut denendako dela pelikula egokia. Beti izan dugu oso argi kanpora zuzenduko genuela, edozeinek ulertzeko moduan egin gura genuelako. Hemengo bertsozaleak uste dut gustura irtengo direla pelikulatik, azken batean bertsolaritza beste ikuspuntu batetik aztertzen delako. Baina kanpoko begirada beti izan du: beti imajinatzen dut zer esango lukeen japoniar batek pelikula hau ikustean. Nik uste dut harritu egingo litzatekeela, eta hori bilatu nahi izan dugu.
Atzo ekin zion bidaiari Bertsolari-k. Zein izango da aurrerantzean egingo duen bidea?
Urriaren 14an zinema areto komertzialetan egongo da, baita Madrilen eta Bartzelonan ere. Asmoa da egun horretan Jon Sarasua eta biok Arrasaten egotea, eta emanaldiaren ostean solasaldi bat egitea. Pelikularen borobila ixteko modu bakarra jendea ikustera joatea da. Horrek bultzada eman eta dirua berreskuratzeko aukera ematen du, baita beste proiektu batzuetan sartzeko indarra ere. Zinemaldian bertan beste jaialdi batzuetara joateko bideak zabaltzea ere gustatuko litzaiguke; nik uste mugituko dela.