Sekulako estalkitzarra pastoralerako

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 15a

Zapaturako iragarpenak txarrak direla ikusirik, martitzenean hartu zuen Bergarako Udalak Monzon pastorala aire librean beharrean karpa barruan egiteko erabakia eta eguaztenetik, goiz eta arratsalde, ari dira hori muntatzen. Egubakoitzean amaituko dute. Kostua handitzea ekarriko du horrek eta baita kanpoan baino jende gutxiago hartzea ere: aire librean 3.000 lagunentzako lekua izango bazen, 2.400 sartuko dira karpan.

Sekulako karpa da. 60 metro luze eta 30 zabal. Bergaran jende asko geratzen da hari begira. Ikusmina sortu du muntatze lanak. Izan ere, Seminarioko jolastokiaren ia azalera guztia hartzen du. Karpa muntatu dute eta harmailak jartzea falta da. Erdian aulkiak jarriko dituzte.

Hiru harmaila jarriko dituzte: bi, albo banatan eta beste bat, eszenatokiaren aurrean, fondoan. Albotakoen neurria da 31,20 metro luze eta 6,60 sakon. Eta fondokoarena, 16,70 metro luze eta 6,60 sakon.

Hernaniko Orma enpresak jarriko ditu karpa eta harmailak, baina, kontatu digutenez, Andorratik propio ekarri dute estalkia.

Muntaia hori guztia kolokatzeak dauka 44.211 euroko aurrekontua. Horri gehitu behar zaizkio beste gastu batzuk: argiztapena eta soinua, autobusa, logistikako beste batzuk...

Leire Iruin zinegotziak aderazi du Kutxak emandako dirulaguntzatik eta sarreretatik egin nahi dietela aurre gastuei. Larraingo herritarrek ez dute kobratuko antzezpenagatik. 

Karpa handiaren ondoan, beste txikiago jarri dute, Miguel Altunaren kontra. Pastorala egingo dutenek, jantzi eta eranzteko erabiliko dute hori. Udaleko langileek jarri zuten astelehen eta martitzenean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak